Kukuxumusu Marrazki Fabrikak Valentziako Fallei omenaldia eskaini die gaur arratsaldean Sanferminetan ospatu den Jay Day festaren IV. edizioan. Hiru orduz Iruñeko markak Rafael Vidal sukaldariak prestatutako 600 plater paella dastatzera gonbidatu eta Vicente Tornadorrek eraikitako 4 metrotako ninota erre du.
Ekitaldia Koldo Aiestaranek, Kukuxumusuren bazkide sortzaileak, egin duen zabaltze ofizialarekin hasi da. Aiestarenek laugarren Jai Dayrako Fallen aukeraketa arrazoitu du esanez “ondo pasatzeko eta herri baten kultura adierazteko beste modu unibertsala” dela. Aiestaranek “ninoten umorea eta herri-umorean oinarritutako kritika” nabarmendu ditu jai honetaz aritzerakoan.
Ondoren Rafael Vidal paella-egileak, valentziar paellarako errezeta estandarizatuaren aitormenaren bultzatzailea izateagatik ezaguna denak, bi paella erraldoi egiteari ekin dio. Baluarteko plazara hurbildutako jendeak jaki gozo hori dastatzeko aukera izan du. Hori gertatu bitartean, Vicente Tornador falla-egileak lau metroko altuera zuen ninotaren muntaiari heldu dio, ninotak Kukuxumusuk diseinatutako zezen eta lasterkari bat irudikatzen zuen.
Ekitaldia Nafarroako Valentzia Etxeko Banda Sinfonikoak girotu du, Valentziako festetako hainbat doinu joz. Bertaratutakoen artean, Salvador Tarazona, Nafarroako Valentziako Etxeko presidentea, musika bandako zuzendaria den Adriá Sánchez eta Eva Ruiz 2012ko fallera nagusia izan dira.
Amstel enpresak doan zerbitzatu du garagardoa hurbildutako lagunen artean, eta festari amaiera emateko mascletà zaratatsua eta ninotaren cremà egin da, jendearen txaloaldi beroa entzun delarik. Hiru orduz Valentzia eta Sanferminetako musika entzun eta paella dastatu ondoren, ekitaldia amaitutzat eman da.