Iruñeko entzierroetan bigarrenez parte hartu du Victoriano del Río ganadutegiak gaur, eta aurtengo entzierrorik azkar (2:16) eta arriskutsuena egin du. Oso lasterketa bizkorra izan da, zezenek atzean utzi dituzte joaldunak eta erritmo ikusgarrian egin dute korrika. Lasterkariak tarte guztietan erori eta behaztopatu dira eta tentsio handiko uneak ikusi dira lasterketa osoan. Tentsiorik handieneko une bat Telefónica-Kailejoia tartean ikusi da, taldea gidatzen ari zen zezen batek eskuineko hesiari eraso egin dionean, hain zuzen, lasterkari batzuk zeuden eta.
Hasiera-hasieratik, zezenek oso bizkor egin dute korrika, beltz koloreko batek aurrea hartu die anaiei Udaletxe plazan eta laprast egin eta Mercaderesko hesia jo du. Zorionez, berehala zutitu da eta atzetik zetozkion hiru zezenekin bat egin du eta ziztuan jarraitu dute.
Lau zezen horiek elkarrekin jarraitu dute korrika ia zezen-plazaraino, eta lasterkarien artean kinka larriak eragin dituzte, abiadura ikaragarrian baitzihoazen, eta tarte guztietan egon dira lasterketa ikusgarriak.
Zezen-saldoa hiru taldetan sartu da plazara, eta arazo gehiago sortu gabe sartu da zezentokira, ibilbidea 2:16an burutu ondoren.