Emozioz betea, izurik ez

Fuente Ymbrokoen entzierro azkarrrean traumatismoak jasan dituzte hiru korrikalarik

Argazkia: Mikel Goñi

Fuente Ymbro ganadutegi cadiztarreko zezenek korritu duten 2009ko Sanferminetako azkenaurreko entzierroa lasterka-saio azkar-azkarra izan da (2 min. 23 seg.) eta inortxok ere ez du adarkadarik nozitu. Hiru pertsona eraman dituzte Iruñeko ospitaleetara, hala ere.

Ibilbidean aurreko egunetan -aurreko urteetan- baino askozaz ere jende gutxiago zegoen eta, batetik, piztien noblezia eta, bestetik, partaide gehienen ofizio ona medio, tarte guztietan korrika-saio ikusgarriak egin dira.

Zezen-saldoa trinko eta ziztuan joan da Santo Domingotik gora. Sei zezen beltzetako batek aitzina egin eta gainerako zezen eta joaldunei aldetxo bat atera die. Tarte horretan ez ezik, ibilbide osoan ere entzierroa aski garbia izan da gaur.

Taldeburu zihoan zezen beltza trosta arinean igaro da Udaletxeko plazatik, gainerako taldekideak metro batzuk atzerago zetozen, joaldunek babesturik eta noble-noble jokatuz.

Mercaderes karrikako bihurgunean berriz osatu da taldea. Gaurkoan adardunek ez dute hesiaren kontra talka egin eta abiada bizian egin dute aitzina.

Estafeta karrikan zeuden gaur korrikalari gehienak; bertako lehen metroetan zezen-saldoa trinko pasatu da baina pixkanaka-pixkanaka luzatuz joan da. Taldeburu zetorren zezenak elastiko gorridun gaztea harrapatu eta lurrera bota duenean, taldea bitan banatu da: lau zezen aitzinetik, zalkiek inguraturik, eta beste bi atzexeago, behaztopa egitearren geroz eta urrunago etorri direnak. Ohiko lasterkariek beren dohainak erakusteko parada izan dute adarren aitzinean, gehiegitan entzierroan (horrek zer esan nahi duen jakin gabe ere) tartekatzen diren trauskil eta eskoilen trabarik izan gabe, zorionez.

Estafetan, Telefonican eta kailejoian erorikoak izan dira, ohiko kontua baita hori, baina gaurkoan ibilbide osoan lasterka-saio ederrak ikusi ahal izan ditugu.

Zezenak bi multzotan sartu dira plazan: aitzinekoan, lau zezen beltz eta gibelean beste biak. Bi minutu eta erdira gabe zezendegietan ziren denak, otzan-otzan, doblatzaileen, unaien eta korrikalarien laguntzari esker.