Argazkia: Carlos Mediavilla
Sanferminetako bere estreinaldian, Torrehandilla-Torreherberos ganadutegiak lasterketa arriskutsua eta dardaratsua egin du, parte hartzeko aukera galdu nahi ez zutenen korrikalariz gainezka zegoen 2012ko azken entzierroan. Zezenek ziztu bizian egin dute korrika, ibilbidean zehar kinka larriko uneak sortu dituzte behin baino gehiagotan mehatxuzko keinuak eginez eta bere bidean hainbat lasterkari kolpatuz. Gorrixka koloreko zezen batek zezen-saldoari Udaletxe plazan aurrea hartu dio eta korrikalari batzuk lurrera bota ditu zezen-plazarainoko bakarrik egin duen lasterketa oso bizkorrean.
Zezen-taldeak Santo Domingoko aldapa ia osoa bat eginda korrika egin du, baina Udaletxe plazaren hasieran, zezen gorrixka batek bere anaiak aurreratu ditu, ibilbide osoan gidatuz eta lasterketari erritmo oso bizia emanez. Atzetik zetorren zezen-saldoa Estafeta kalean zehar luzatuz joan da eta lasterkariek jaietako azken entzierroa baliatu dute adarren aurrean lasterketa politak egiteko, gaurkoan zezenen abiada eta korrikalari kopuru handia izan arren.
Gorrixka koloreko zezena multzoko buru zela zezen-plazan bakar-bakarrik sartu da, metro gutxira beste zezen beltza zuela eta ondoren zezen-saldoa. Guztiak plazan sartuz joan dira, baina zezen beltz batek arrisku handiko momentuak eragin ditu, bere bidean aurkitu duen gazte bat kolpatuz. Kapadunek zezena zezentokietara bideratu dute, lasterketa 2:23an egin ondoren.