2007ko Sanferminetako azkeneko entzierroa, Victorino Martín ganadutegiko zezenak protagonista izan dituena, azkarra (2:49) eta garbia izan da; izan ere hiru lagun eraman baitituzte Iruñeko erietxeetara, bat adarkadaz eta beste biak zauri arinekin. Zezen tropela sakabanatuta joan da Santo Domingoko eskortatik eta horrek aukera politak eman dizkie korrikalariei aurtengo entzierroetatik behar bezala eta zapore onarekin agurtzeko ibilbide osoan zehar lasterraldi politak eginez.
Santo Domingoko aldapan ezohikoa den zerbait gertatu da gaur, izan ere bi zezen beltz atzean gelditu dira hasieratik eta lasterketa osoa elkarrekin eman dute. Joaldunekin batera, tropela gidatzen zuten lau zezenek alde bietara begiratu dute etengabe eta udal plazaren hasieran, eskuineko egur hesiaren ondoan zegoen gazte bati adarra sartu dio horietako zezen batek. Gaurko entzierroan adarkada jaso omen duen gaztea izan da.
Beste ezusteko bat Mercaderes hasieran gertatu da, ezkerreko aldean; aurretik zihoan joaldun batek adarrarekin ferekatu du hortxe zegoen gazte bat, baina zorionez sustoa besterik ez da izan. Saldoak lasterka jarraitu du gaztearengan erreparatu gabe.
Tropela bi taldetan banatuta pasa da Mercaderesko bihurgunetik; lau zezen eta zenbait joaldun aitzinetik eta, ondoren, Santo Domingoko eskortatik atzean gelditu diren bi adardunak. Ez aurrekoek ezta atzekoek ere ez dute estropezu egin, eta egur hesiaren kontra kolpatu gabe pasa dira; nahiz eta gazteen erorketa anitz gertatu diren, aurreko urteen moduan. Zorionez, adardunek oso zintzo jokatu dute eta ez dute lasterkariak adarkatzeko keinurik kasik egin.
Estafeta karrikan barna zezen saldoa gehiago luzatu eta sakabanatu egin da eta korrikalariek tarte politak aurkitu dituzte adarren artean lasterraldi ikusgarriak egiteko, aurtengo entzierroi zapore onarekin agur esateko. Aurretik joaten zen lau zezenetako batek irrist egin eta atzerago gelditu da, baina ez du arrisku une latzik sortu.
Tropela sakabanatuta sartu da zezen plazan eta dobladoreek berriro ere txukun lan egin dute animalia guztiak zezendegira sartuz, plazan ziren korrikalari guztientzako arriskua sahiestuz.