Argazkia: Javier Ibáñez
Iruñean aspaldikoenetako bat ez ezik, arriskutsuenen arteko bat den Cadizko Cebada Gago ganadutegiko adardunek korritu dute 2009ko Sanferminetako bigarren entzierroa. Lasterketa azkar-azkarra izan da (2 minutu eta 35 segundo) eta bertan adar-muturraren kolpea lagun bakar batek nozitu du, bertze bi ere Iruñeko ospitaleetara eraman dituzten arren. Ganadutegi horrek duen ospea gorabehera eta ibilbidean lasterkari askotxo bazebiltzan ere, zezenek noble jokatu dute gaurkoan. Emozio latzeko uneak Estafeta karrikan eta Telefonican bizi izan dira, tarte horietan, saldoa luzatu ondoren, askatu egin delako. Zaleek egokiera hori adarretatik gertu-gertu korritzeko baliatu dute. Gune horietan karrikaz alde banatan erorikoak gertatu diren arren zezenak ez zaizkie lasterkariei oldartu.
Gazteek patroiari babesa eskatuz egin ohi duten kanta hirutan errepikatu ondoren (aurten, izan ere, euskaraz ere kantatu da), Santo Domingoko ukuiluetatik irteten "kostatu" omen zaio zezen saldoari baina, karrikara ezkero, aldapaz gora ziztu bizian eta trinko-trinko egin du, tarte horretan ohikoa den modura. Taldearen atzealdean zihoan joaldun bat erori eta, jaustean, bi zezen ekarri ditu lurrera, baina berehala altxatu eta luze gabe gainerakoekin bat egin dute. Tarte horretan joaldunak izan dira aitzindari.
Santo Domingo bukaeran eta Udaletxeko plazan bortz zezen jarri dira saldo buru, joaldunek babesturik, baina aldapako erorikoan atzean geratua zen adardunetako bat gibeletik etorri da. Zezen-taldeak abiada bizian egin du aitzina eta Mercaderes parean piztiaren bat labaindu eta erori egin da, baina segituan zutitu eta bizi-bizi abiatu dira denak ere.
Mercadereseko ukondoan zezenak ez dira lerratu, ezta hesiaren kontra jo ere; Estafeta karrikan adardun beltzak hartu du burua, lau joaldunek lagundua. Gainerako zezenak gibeletik zetozen. Karrikaren erdi parean zezenak laprast egin eta saldotik urrundurik geratu da.
Estafeta saldoak luze-luze eginik iragan du eta, hasieran trinko samar bazebilen ere, zezen beltzak eta lau zalkik aitzina egin, bertze lau adardun eta joaldun bat atzean geratu dira eta atzeneko beltza handik metro batzuetara etorri da. Adarren aitzinean tarteak bilatu dituzte lasterkariek korrika saio ikusgarriak egiteko, kalea jendez lepo zegoen arren.
Sekulako abiadan pasatu da zezen saldoa Telefonicatik, zezen beltza aitzindari, atzean bertze lau eta handik metro batzuetara seigarrena, eta horrela sartu dira zezen-plazan eta ukuiluetan, aparteko arriskurik sortarazi gabe.