Argazkia: Manu Corera
Aurtengo sanferminetako bigarren entzierroan Iruñera datorren ganadutegi beterano eta oldarkorrenetako batek korritu du: Cebada Gago-k, alegia. Lasterketa (3 min. 30 seg.) arrisku-une asko eta tentsio handikoa izan da. Estafeta karrikan zezen taldea luzatu eta sakabanatzearen ondorioz, arrisku bizia bizi izan dute lasterkariek hainbat gunetan eta, areago, mutiko batzuk erori eta zanpatuak izan dira. Tentsio-unerik larrienak azken zezen urdinak, Cabrero izenekoak, eragin ditu, Estafeta karrikan saldotik bereizi eta, gainerakoetatik urrunxko, bakarrik eta noraezean, egin du ibilbidearen azken tartea, alde batera eta bestera begiratuz eta behin eta berriro jiratuz. Bi lasterkarik nozitu dituzte zezen-adarkadak eta beste bost Iruñeko ospitaleetara eraman dituzte.
Santo Domingo aldapan zezen-saldoa joaldunek bildurik joan da, abiada bizian joan ere, garbi eta oso manera noblean. Horrek aukera eman die lasterkariei korrika saioa egin eta albo batera egitea, zezenak igaro ahala.
Udaletxeko plazan eta Mercaderes karrikan hainbat gazte lurrera erori eta zezenek zanpatu dituzte. Karrika horretan, hain zuzen, lurrean erorita baina altxatzen ari zen lasterkari bat (hori ez da inola ere egin behar, zezen taldea erabat pasatu arte) zezen gaztainkarak gibeletik harrapatu eta mutila lurrean, zerraldo geratu da, kommozionaturik.
Zezen taldeak aitzina egin du abiada bizian eta estafeta karrikan arrunt luzatu da: buruan bi zezen eta bi joaldun zihoazela, gainerakoak bizi-bizi ekarri dituztenez, entzierro zaleek adarretatik zentimetro gutxitara lasterka saio polit-politak egin ahal izan dituzte.
Estafeta karrikan bizi dira gaurkoan tentsio unerik latzenak, lasterkari ugari zezenek harrapatu dituztelako: lurrean zetzan mutil batekin estropezu egin eta erori da zezen gaztainkara eta beste bat, urdina, gibelean geraturik, bakar-bakarrik joan da ibilbideko azken tartean. Azken hori noraezean, alde batera eta bestera so eginez eta behin eta birritan biratuz zihoan arren, unaien eta lasterkarien lan onari esker, adardunak aitzina egin eta plazan bera bakarrik sartu da. Horrela bukatu da aurtengo bestetako bigarren entzierroa, hiru minutu eta erdi betetakoan.