Egun osoan eta areago gauean, denetariko musika taldeak ibiltzen dira kalean jotzen, orokorrean aski onak. Txalaparta, Europa Ekialdeko taldeak, Afrikako musika, tam-tam musika, Andeetakoa, rocker zahar eta gazteak etabar. Dantzan ere egiten dute batzuetan. Ez dute ordu jakinik ez programarik izaten, beraz kalean kasualidadez topatzea onena.
Gauean pagatuzko kontzertuak eta doaneko berbenak eta emanaldiak izaten dira. Programa ofizialari begirada ematen ahal diozu. Eta goizez ere kontzertu eta emanaldiak izaten dira.
© Maite H. Mateo
Peñak eta txarangak
Sanferminetako musika, ezer bada-eta, txaranga (kaleetatik dabiltzan musika bandak) musika da: metal eta bonboa galanki eta dezibelioa suelto: peñen musika, alegia. Enpo egin arte adituko duzu txunta-txunta klase honetatik. Festa bukatu eta egun askotara ere, oraindik bonbo baten hotsa adituko duzu buru barrenean.
Peñen himnoak dira txunta-txunta honen pieza nagusia; ezin ahituzko kemenaz jotzen dituzte gau eta egun, bereziki zezen plazako eguteran eta peñen ateraeran: hortxe dago musika klase hau bere bere pilpilean. Estilo berekoak dira Sanferminetako beste kanta eternal guztiak: Astrainen baltsa, el carrico del helao, quinto levanta, patrones cabrones… eta sail luze bat. Hauxe dugu benetako SF soinua: bonboa eta deihadarra. Belaxkeriarik gabe.
Peñak non entzun
Peñek egunero kurritzen dute Iruñeko parte zaharra musika joaz (6aren gauean ez): bereziki Jarauta kalean eta inguruetan barrena, goizeko ordu txikietara arte kale osoa dantza batean jarriaz: peña baten musika gorgarriaren erdian erotu beharrean dantza egitea Sanferminetako esperientzia handietako bat da, berritu egiten zaitu.
Peñak ez ezik, txaranga asko egoten dira, udalak kontratatuak edo subentzionatuak. Musika klase bertsua jotzen dute, agian hobekixe joa, baina gatz gutxiagorekin.
Sanfermin.com
Pamplonesa
Iruñeko musika bandak Riau-riauan, dianetan, prozesioan eta zezenketetan hartzen du parte sanferminetan. La Pamplonesaren aurretik, hiru banda militar ziren Iruñean musika “martxaren” arduradunak. Regimiento Almansa nº 18, Regimiento de América nº 14 eta Regimiento Constitución nº 29. 1919an, Silvanio Cervantes, Manuel Zugarrondo eta Vicente Sádabak Udalari azaldu zioten militarrez eta hiriko beste zenbait musikariz banda misto bat sortzeko ideia. Udalak ideia onartu zuen eta Musika Akademiako ikasgela bat utzi. Handik gutxira ukatu zien lokala banda zuzentzeko arazoak sortu zirela-eta. Orduan musikariak beren tresnekin Sarasate pasealekura joan ziren protesta egitera, beste toki bat Compañiako eskoletan eman zieten arte.
1919ko irailaren 24an eratu zen “La Pamplonesa” eta presidentea Vicente Sádaba, presidenteordea Manuel Zagarrondo eta zuzendaria Silvanio Cervantes izan ziren. 37 musikariko talde horri Banda de Música de Pamplona “La Pamplonesa” deitzea erabaki zuten. Lehen emanaldia urriaren hamaikan izan zen. Banda Iruñean zehar ibili zen pasodoble batekin eta jota batekin. La Pamplonesaren lehen sanferminak 1920koak izan ziren, Udalak festetarako kontratatu baitzuen. Kalean egiteko antolaturiko ekitaldi guztietan hartu zuten parte: suzirian, riau-riaun, dianetan, prozesioan… eta kontzertu batzuk eman ere egin zuten Taconera parkean.
Iturria:http://www.bandapamplonesa.com/
Canal You Tube
Dianak
Pamplonesak (Udalaren musika banda) Iruñeko alde zaharretik egunero egiten duen ibilbideari horrela deitzen zaio. Udaletxetik irteten da goizeko 6’45ean eta Sanferminetako popurriak eta horrelakoak joz. Dianetan kolore guztietako jendea ikusten da: batetik ernatu berri-berriak: entzierroan parte hartu behar dutenak, familiak beren umeekin, eta oro har goiztar-jendea, garbi eta europeo; bestetik gaupasaren hondakinak: matxakatuak, afonikoak eta balantxakariak, mozkorraren azken orratzak kendu nahirik “kinto levanta tira de la manta” kantatuz zintzurra urratzen (dianetako kanta tipikoa da hori). Ez galdu dianak egun batean.
Dianen ibilbidea 2010 (6:45etatik 7:30eara)
7an: Chapitela, Plaza del Castillo, Pozo Blanco, Zapatería, Calceteros.
8an: San Saturnino, Mayor, Recoletas, San Francisco, Plaza S. Francisco, Ansoleaga, San Saturnino.
9an: Nueva, Plaza del Consejo, Zapatería, Calceteros.
10an: Calceteros, Zapatería, San Antón, Taconera, Nueva
11an: Mercado, Aldapa, Navarrería, Dormitalería, Bajada de Javier, Compañía, Curia, Mañueta, Mercado.
12an: Chapitela, Plaza del Castillo, Pozo Blanco, Zapatería, Plaza del Consejo, Plaza S. Francisco, Campana, San Saturnino.
13an: Nueva, Plaza S. Francisco, San Miguel, San Antón, Zapatería, Calceteros.
14an: Mercado, Aldapa, Navarrería, Mañueta, Mercado.
© Maite H. Mateo
Gaita eta ttun-ttun
Baina tronpeta eta bonboaz gain beste zerbait bada, jakina. Guk esan behar bagenu zein den Sanferminetako musika tresna ezaugarriena, gaita esango genuke: Nafarroako gaita, haize poltsarik gabekoa, zezenetan banderillak jarri bitartean jotzen den gaita, erraldoiak dantzan jartzen dituen gaita, gaueko 9etan Gazteluko plazan Larrain dantza jotzen duen gaita. Hezurretaraino sartzen zaizun gaita soinu hori, hori da guretzat Sanferminetako musika.
Erraldoiak
Segizio hau osorik, “Konpartsa”, eguneko hainbat ordutan topatuko duzu kalean, hamaika umez, gurasoz, aitona-amonaz eta lagunez oro har, gaiten eta ttunttunaren soinuan dantzan, inguraturik. Erregina guztietarik beltzenarekin ttunttunari talde bat joaten da eta hari esker konpartsaren tresnarik zaharrenak bertan jarrai dezake. Erraldoiek batez ere dantza egiten dute, balsak, polkak, jotak, lau metro garai izanik: ikusteko gauza da.
© Maite H. Mateo
Larraindantza
Egunero 21.00etan Gazteluko plazan Larrain dantzaren melodian dantzatzen da jendea. Oso hitzordu tradizional eta jendetsua izaten da eta benetan dibertigarria dantzan sartzen saiatzea da. Dantzatzen duen jendeak gustura hartuko zaitu eta gainerakoek egiten dutena imitatu eta kopiatu besterik ez duzu egin beharko.
Binaka joan behar da, dantzaren parte anitzetan bikoteka egiten delako. Larrain dantza oso ezaguna eta herrikoia da, aldi berean jende pilak egin dezakeelako. Borobilean egiten da, Gazteluko plazako kioskoaren eta bertan melodiak jotzen dituzten gaitarien inguruan.
Larrain dantza sei elementuz osatua da eta horietako bakoitzak bere soinua eta koreografia berezia ditu: katea, jota zaharra, balsa, fandangoa, bolerak eta karrika-dantza. Gaitariak melodia hastean, bikotekide batek zapia ematen dio besteari eta, “katean” helduta, dantzari guztiak bueltak ematen hasten dira. Dantza zuzentzen duen bikotea gelditu egiten da eta, zapia altxatuz, gainerakoak pasatzeko arkua egiten du. Fase hori bukatuta, jota egiten da -oso dantza bizia-, gero balsa, fandangoa eta bolerak. Bukatzeko, karrika-dantza egiten da.
Bideo erakusgarria ikusi. (Iturria: Gran Enciclopedia Navarra)
Jazzfermin
Jazzfermin zikloa tradizioa da jadanik 1996az geroztik egiten baita. Parranda gordinarekin zerikusirik ez duen estiloko oso programa zainduak burbuila berezia sortzen du sanferminetako giroan. Gero eta jarraitzaile gehiago izanik, ziklo hau Los Burgos plazan izaten da astelehenetik ostegunera, asteburua saihestuz, baina 2016ean San Jose plazara bueltatu ziren.