Kukuxumusu, etengabeko parrandan Sanfermin.com-en

Kukuxumusuk Sanfermin.com editatzen du,parrandarako kamisetak diseinatzen ditu eta festetan besteak eta bere burua dibertitzeko bidea aurkitzen du

Kukuxumusu Iruñeko enpresa da. Beste gauza aunitzen artean, Sanfermin.com editatzeaz arduratzen da, jende guztiak Sanfermin zertan den ezagut dezan bertsio entretenigarri eta praktikoan.

Kukuxumusuk festarekin duen harremana aspaldikoa da, izan ere marka 1989ko Sanferminetan bertan sortu zen.  Horregatik Kukuxumusuk bere baitako parte bat paratzen du munduko parrandarik handienean besteak eta bere burua dibertitzeko ideiak, marrazkiak eta kamisetak sortzen.

Sanferminetarako kamisetak
Urtero, Kukuxumusuk Sanferminetarako kamiseta bilduma oso bat eta bestelako artikulu batzuk proposatzen ditu festa zuri-gorriz janzteko marrazki berezien bidez. Proposamen horretan urteko marrazkia nabarmentzen da, kamiseta berezi bat, Sanfermin bakoitzerako bakana, une jakin bat islatzen duena eta janzteko eta, aldi berean, irri batzuk egiteko balio izaten duena.

Gainera, Kukuxumusuri urtero gauza berriak eta ezberdinak bururatzen zaizkio Sanferminetako parrandan laguntze aldera.

Testis

Mister Testis entzierroetako protagonista nagusia da Kukuxumusuren marrazkietan. Urdina eta tripaundia da, adar horiak ditu eta beti larru gorritan ibiltzen da. Mr. Testis sanferminez eta Kukuxumusuk urte osoan zehar prestatzen dituen saltsez gozatzeko gelditu zen.

Urtez urte Mr. Testis gero eta mugida gehiagotan ibiltzen da. Marrazkietako bi dimentsioak abandonatu zituenetik pelutxe erraldoi bihurtzeko, edozein karrikatan eta edozein ordutan ikus dezakegu sanferminetan. Besta bat non, han ere ager daiteke Mr. Testis.

Gainera, Mr. Testis-ek begiluze konpultsiboa izaten segitzen du eta besta ikusteko tokirik onenak erdiesten ditu. Laurogei balkoitatik baino gehiagotik, bestetan zehar, Mr. Testis balkoietara ateratzen da salbuespeneko lekuko edo begiluze izateko.

 

Guiri Day

Kukuxumusuk sanferminetako guiriak biziki maite ditu. Horregatik, 1996. urteaz geroztik Guiri Day izenekoa, hots, atzerritarra omentzeko eguna, antolatzen du. Honekin atzerritarrak bestaren funtsezko parte direla aldarrikatu nahi da eta aski errekonozitutako ez den eta bestak gaur diren bezalakoak bihurtzen lagundu duen talde baten benetako irudia eman ere.

Atzerritarra omentzeko ekitaldien artean, 2004an, Urteko Guiriarendako Saria ezarri zen. Horren bitartez festekiko duen grinagatik nabarmendu den bisitari baten ibilbideari errekonozimendua aitortzen zaio. Urte bakoitzean, Kukuxumusuk atzerritarrari bere jatorrizko lurraldean egiten dio bisita sari bat emateko eta beranduago, sanferminetan, bazkari bat antolatzen da aurreko urteetako saridun guztiekin. Bertan, hizkuntza ezberdin asko entzuten diren arren, guztiek primeran ulertzen dute elkar.

Entrega del premio Guiri del Año 2015.