Atzoko entzierro dramatikoaren ostean –zazpi lagun adarkadaz zauritu ziren-, 2007ko Sanferminetako zazpigarren lasterketa, Burgosko Antonio Bañuelos ganadutegiko zezenak protagonista izan dituena, bizia eta garbia izan da; izan ere, lau lagun zauritu baitira, baina inor ez adarkadaz. Arrisku une larriena Telefónica bukaeran bizi izan da, gaztain koloreko zezen batek irrist egin eta lurrean hainbat segundo, ezin altxatuz, eman dituenean. Entzierro azkarra izan da eta 2:40ko iraupena izan du.
Tropela ziztu bizian irten da Santo Domingoko eskortatik eta, nahiz eta adardun batzuk aldeetara begiratu duten, tarte honetan zehar eta ibilbide osoan oso zintzo jokatu dute eta atzoko une zirraragarriak ahanztea lortu dute.
Zezen saldoa elkarrekin joan da Udal plazaren bukaera arte eta Mercaderes karrikaren hasieran bi zezen beltz lurrera erori dira eta taldea sakabanatzen hasi da. Puntu honetan lasterkari bat lurrera erori da animalien aurrean eta hauek gainetik pasa dira. Adardunek eramaten zuten abiadura dela eta, erorketak izan dira ibilbide osoan barna.
Aurretik, joaldunekin batera tropela gidatzen joan diren hiru zezenak, Mercaderesko bihurgunetik estropezu egin gabe eta egur hesia kasik ukitu gabe pasa dira. Metro eskasetara laugarren adardun bat heldu da eta atzetik azkeneko bi zezenak; Mercaderes hasieran estropezu egin eta ibilbidea elkarrekin egin dutenak.
Zezen taldea sakabanatuta joan da Estafetan barna eta lasterkariek tarte politak aurkitu dituzte adarren artean euren trebeziak erakutsi eta lasterraldi ikusgarriak egiteko.
Adardunek abiadura bizian jarraitu dute eta arrisku une larriena Telefónicaren bukaeran bizi izan da; aurretik, saldoa gidatzen, beste bi zezen beltzekin joaten zen gaztain koloreko zezenak irrist egin eta lurrean gelditu da hainbat segundoz, altxatu ezinik. Atzetik zetorren laugarren zezena ia estropezu egin du berarekin eta azkeneko zezenen aurrean lasterka zetozen zenbait korrikalari gaztain koloreko animaliaren gainera erori dira. Zorionez, adardun gorrixkak oso zintzoki jokatu du eta ez da saiatu adarra sartzen. Altxatzen saiatu da, baina ezin. Saldoaren bukaeran joaten ziren bi zezenak ere gorrixkaren aurretik pasa dira eta handik segundo batzuetara, animalia lurretik zutitu da eta ziztu bizian abiatu da plazarantz.
Tropela sakabanatuta sartu da plazan eta dobladoreei esker segituan sartu da zezendegira; bi zezen beltz aurretik, hirugarren adardun bat ondoren, Telefónicaraino saldoaren bukaeran joan diren bi zezenak eta, azkenik, gaurko entzierroko protagonista izan den gaztain koloreko adarduna.