© Javier Martínez de la Puente.

Non jan

Informazio orokor gisa, sanferminetan jatea ez da arazoa, baina toki zehatz bat aurkitzea izan daiteke arazoa erreserbatzea beharrezkoa izaten delako eta jende guztia gose aldi berean izaten delako

Sanferminetan denetarik jan daiteke, ongi eta oso ongi jan ere. Prezioak sanferminetako estilokoak izaten dira, urtean zeharreko prezioen gainekoak oro har. Baina denetarik izaten da: ona eta ez oso garestia ere izaten da. Parrandan zaudela jatea da gainera etorriko zaizun festa maratoiari eusteko sekretua. Guk sanferminetako ohiko egun batean jateko ezinbesteko sei une ditugu erregistraturik: gosaria -txurroekin-, hamarretakoa, bazkaria, askaria -zezenketan-, afaria eta sorgin afaria eta saldatxoa.

Sanferminetan jateko aukerak anitz izaten dira, jatetxe batean jatea, taberna batean jatea, karrikan, pintxoak, ogitartekoak, txoznetan, barraketan, e.a. Eskaintza zabala da, baina eskaera ere bai, eta aholku ona da otordu nagusiak non egin behar dituzun behintzat antolatzen denbora pixka bat galtzea.

Hala ere, aldeak izaten dira: astegunetan anitzez erosoago egoten da nonahi eta ez da hainbeste itxaron behar izaten. Asteburua oso-oso txarra izaten da. Pazientzia. Sukaldeko ordutegiari erne egon behar da, zaila da jatetxeetan arratsaldeko seietan bazkaltzea, baina karrika eta barraketan egin daiteke. Jatetxeez gain, karriketako janaria ere egoten da, ez oso gomendagarria oro har. Zure ongizatea ziurtatu nahi baduzu, Alde Zaharreko makina bat tabernatan aurkituko dituzu gustu guztietarako ogitartekoak, eta fidagarriagoak izaten dira betiere.

Sanferminetan jateko aholku praktikoak:

-Hirian bazkalorduak arratsaldeko 2.00etatik 3.30era izaten dira, eta afaltzekoak, 9.00etatik 11.00etara, gutxi gorabehera. Hortaz, ordu horietan esertzen ahal izaten zara jatera. Sanferminetan gertatzen da toki anitzetan bazkaltzen arratsaldeko ia bostak arte ematen dutela eta afaltzera gaueko hamabietan lasai esertzen ahal zarela.

Joan toki legal eta ohikoetara, elikadura osasungarritasun eta segurtasun baldintzak bermatzen dituzte.

Toki batzuetan eskaera handiak zerbitzuaren arintasunean eragin dezake, pazientzia izan, festetan gaude eta jende anitz dago.

Jatetxe eta taberna anitzek ahalegin handia egiten dute eta sanferminetarako menu bereziak prestatzen dituzte oso merezi duten plater tipikoekin.

-Galdetu aurretik gauzak zenbat kostatzen diren, prezioak festetan aldatzen ahal izaten baitira.

Gogoratu Iruñean “doako” taparena ez dela ohitura eta, taberna bateko barra janariz beterik ikusten baduzu, oso litekeena da “pintxoak” izatea, zeinek, doakoak ez izateaz gain, bereziki merkeak zertan izan ez baitute -beren elaborazio konplexuagatik.

-Ikusi taberna batzuek sanferminetan sukaldea halako ordutik aurrera ixten dutela edo irekitzen ez dutela eta baliteke bazkaltzen duzun toki berean ezin afaldu izatea.

Kontu izan janari establezimendu ibiltari ilegalekin festak ozpintzen ahal baitizkizute inolako osasun ikuskapenik egiten ez diete eta.

-Bestondo izanik gosaltzea edozein festa egunetako une kritikoa da, toki berberetan festan hasten ari direnak eta bukatzen ari direnak nahasten direnez egoera bitxi-bitxiak sorrarazten ahal direlako. Gure gomendioa sorgin afaria eta saldatxoa edo txurroak aukeratzea da.

Sanferminetan gauza guztietan bezala, erdialdetik zenbat eta urrunago egon, hainbat eta errazagoa izanen duzu seguruenik edozein formatutako otordua egiteko helburua lortzea. Pentsa ezazu.

img_0122jpg_7522352936_o

© Maite H Mateo 

Jan txurroak gosarian

Sanferminetako sukaldaritza tradiziorik ohikoenetako bat gosaltzeko txurroak jatea da. Edozein gonbidaturen aurrean ongi geratu nahi baduzu, eraman itzazu txurroak; norbait maitemindu nahi baduzu, eraman iezazkiozu txurroak; lagunik ezagutu nahi baduzu, gonbida ezazu txurroak jatera…Txurroek ahalmenak dituzte sanferminetan, oso onak dira eta, txokolate onaz bustitzen badituzu, betiko gogoratzen ahalko duzu une hori. Ez dago gaizki ikusirik txurroak eguneko beste edozein ordutan jatea eta, gainera, ez dira oso-oso garestiak.

Iruñeko erreferentziako txurro dendak lau dira: La Mañueta txurro denda, El Churrero de Lerín (Leringo txurrogilea), Gayarre txurro denda eta San Migueleko txurroak. Badira oso txurro onak beste zenbait saltokitan, El Corte Ingléseko kafetegian, Manterola gozotegian edo Iruña kafetegian, baina guk lau aukera hauek proposatu nahi dizkizugu:

La Mañueta txurrodenda Iruñeko Mañueta karrikan da. Paulina Fernandezek eta familiak gobernatzen dute eta bitxia da urte osoan San Fermin festetan eta beste zenbait hilabetetan bakarrik irekitzen duelako. Horko elaborazio metodo tradizionalak txurro paregabeak ematen ditu. Erroska oso bat eramatea gomendatzen dizuegu. Aholku bat, Paulinak Sanfermin.com-en esan zuen bezala, ez urik edan txurroak jan ondoren.

 

Leringo txurrogileak, Estafeta karrikako 3an, badu abantaila bat, txurro zoragarriak erosteaz gain eramateko txokolate izugarri onaz ondu ditzakezula. Dendako paretetan mundu osoko jendeak idatzi ditu mezuak txurro dendara eginiko bisitan. Sekretu bat. Txurrogilea sanferminetako egun batean mozorrotzen da eta, egun horretan tokatzen bazaizu, zure bisitak mereziko du produktuarengatik eta igaroko duzun une bereziarengatik.

Gayarre gozotegia da sanferminetako txurro saltoki tradizionaletako beste bat. Erriberri karrikako 30ean kokaturik, Madrilgo ‘porren’ antzik handieneko txurroak izaten dituzte eta, hortaz, gozoak izateaz gain txurro horiek handiak eta lodiak dira.

Azkenik, oso ezagunak dira San Miguel txurro dendako jendea eta txurroak. Urte osoan zehar topatzen ahal dituzu beren txurro denda mugikorrarekin Iruñeko zenbait tokitan, Basotxoan edo Gazteluko Plazan adibidez. Sanferminetan Antoniuttin egoten dira eta gaua aski aurreratu arte izaten dute denda zabalik.
Sanferminetako hamarretakoak


Hamarretakoa egitea

Sanferminetan hamarretakoa egiteari dagokionez, 6a eta gainerako egunak bereizi behar dira. 6an txupinazoaren aurretik bertako ohitura da festari indarrez ekiteko hamarretakoak egitea. Iruñean egun horretan hamarretakoa eserita eta erreserbatu gabe egin nahi baduzu, arazo bat izanen duzu. Hamarretakoa uztailaren 6an egiteko erreserbetako batzuk urtetik urtera edo hamaika hilabete lehenago egiten dira. Hortaz, oso zaila izanen da eserita eta erreserbarik gabe egiteko hamarretakoa Iruñeko ia edozein tokitan egun horretarako inprobisatzea. Hamarretako tradizioa handia da eta egun horretan ohikoa da jatetxe handiek ateak ordu horietan kuadrilla eta taldeentzat irekitzea.

San Fermin festetako gainerako egunetan ohikoa da hamarretakoa hainbat tabernatan egitea,  La Servicial (Navarro Villoslada karrika, 11 -Bigarren Zabalgunea-), Bar Danubio (Santa Gemma plaza -Donibane-), Iruñaberri (Pío XII, 7 -Iturrama-) edo Txirrintxa, Estafeta karrikaren bukaeran, dira horietako batzuk.

Sanferminetako hamarretakoa gosari ingelesaren eta afari europarraren nahasketa da.  Oparo samarra. Ez da bazkaria, sanferminetan hori eman badezake ere. Entzierroaren ondoren edo gau mugitua izan eta gero zu indarberrituta garaile gisa hastea du helburu. Ohiko hamarretakoa“Arrautzak zerarekin” dira, hau da, arrautza frijituak eta beste zerbait, urdaiazpikoa, txistorra, tomatea eta beste alegia, eta edateko zerbait, ardoa gaseosarekin edo kalimotxoa. Hortik gorantz edozer ikus daiteke. Sanferminetako argazkietan hamarretako sinestezinak ikusi ditugu, edozein bazkariren lotsarik ez dutenak. Alde horretatik, ez zaio light joerari jarraitzen.

comida_9270020736_o

© Javier Martínez de la Puente 

Sanferminetan bazkaltzea

San Fermin festetan bazkaltzea plazera da benetan. Jatetxeak hazi egiten dira eta daukaten guztia ematen dute. Sukaldeek arreta berezia jartzen dute osagai tipikoen plateretan, baina elaborazio modernoarekin eta inguru honetako gastronomiaren ikuspegi tradizionalarekin. Festa saloietara eta plantillengana lerratzen da eta ziur aski, ongi jateaz gain, sanferminek merezi duten bezain ongi pasako duzu. Garrantzitsua da erreserba egitea, baina ez geratu inoiz deitu edo joan gabe, sanferminetan zenbait jende egunak igaro ahala festatik, porrot partzialagatik, kentzen delako eta bisitari berrientzako tokiak geratzen direlako.

Iruñeko jatetxeetarik beren bezeroek TripAvisor-en hobekien sailkaturikoak Restaurante AnttoneneaRestaurante Europa (Pilar Idoate agintean), Restaurante RoderoRestaurante Alhambra,  Restaurante la cocina de Álex Mújica eta Asador Olaverri dira.

img_2049jpg_7552488346_o

© Maite H Mateo 

Zezenketako askaria

Zezenketako askariak bere kapitulua merezi du. Iruñeko zezenketako askariaren trikimailua behar duzun baino janari gehiago eramatea da, konpartitzeko. Izan ere, zezenketako askariak senidetu eta dibertitu egiten du. Orduagatik (arratsaldeko zazpi eta erdietan edo), afaritik hurbileko eta bazkaritik nahiko urruneko askaria da -eta horregatik gosea izaten da- eta ongi etortzen da edaria urdailean zimendua jarrita jasotzeko. Sukaldaritza erakustaldi ederrak izaten dira zezen plazan; gogoz bazaude, saiatu beharko duzu. Batzuek lapiko eta guzti joaten dira. Parte hartzea erabakitzen baduzu, ez eraman urdaiazpiko-ganibetik ezta kanpin gasik, atetik sartzen utziko ez dizutelako. Plazan bada edaritegia; edan gabe geratzen bazara, beti izanen duzu berriro hornitzeko aukera.

Zuri beharbada nahaskeria dagoela iruditu arren, peñetako lagunek ordenaz askaltzen dute eta ekartzen dutena biltzen dute. Oso gaizki ikusirik dago –debekaturik egoteaz gain- janaria eta edaria botatzea eta non edo non arazo bat izanen duzu jendea lerdatzen agertzen bazara. Goi harmailaren batean bada errito antzeko bat, bai, eta zorionak zuri kantatzen badizute mota guztietako edariak botatzen dizkizute hirugarren zezenaren aurretik askaltzen baduzu edo benetan zure urtebetetzea bada.
Iruñeko jatetxe batzuek, bertan bazkaltzen baduzu eta zezenketara joaten bazara, han zaudela balde bat askariarekin eta ardo edo xanpainarekin prestatuko dizute. Zezenketara joaten bazara, fida zaitez aukera horretaz erraz eta ohikoa izateagatik.

fuegos-artificales-sanfermin-2016

© Sanfermin.com 

Sanferminetan afaltzea

Sanferminetan afaltzeko aukerak hamaika dira. Eta motibazioak hiru eskuarki: parrandan eten bat egin eta jarraitzea, afaldu eta parranda hastea edo, su artifizialetara, barraketara (feria esparrura) edo kontzertuetara (Antoniutti parkera esaterako) joan aurretik, familiako afaria egitea. Proposamen interesgarri bat Baluarten mokadu batzuk jan eta gero suak terrazatik ikustea da. Baluarteko terrazatik ikusten den irudia sinestezina eta Sanfermin.com-ek Destino Navarrarekin elkarlanean 85 euroan eskaintzen dizun aukera da.

Barraketan, Antoniuttin edo erkidegoetako etxeetan afaltzeak feriako jatetxe eramangarrietan jatera eramaten gaitu eskuarki. Establezimendu horiek oso tradiziozkoak dira sanferminetan, ahoz ahokotik bizi diren eta, horregatik, oro har anitz saiatzen diren eskarmentu handiko zerbitzari eta sukaldariekin. Erosotasun baldintzak ez dira ohiko jatetxe batekoak bezalakoak, baina abantaila dute festa erdian edo festa erdiaren erdian egotea eta, beraz, familia anitz sarri joaten dira haietara. Erkidegoetako etxeetan kontzertuak egiten dituzte jatetxe eremuaren erdian den agertoki batean, Antoniutti parkean (noria izaten den horretan) eta barraketan (feria parkean) gertatzen den bezala.

Afaltzeko oso garrantzitsua da ordua kontuan izatea, taberna batzuk jatetxe izatetik dantzaleku izatera segundo eskas batzuetan mutatzen baitira. Izan ere, afaltzen eman arren ere, parranda ez da gelditzen. Beste aukera bat Estafetan pintxoak edo ogitartekoa jatea da. Horri buruz, ez da ogitartekoa jateko aukera baztertu behar, nahi duzun tokian kalitatea gutxitu gabe jan dezakezulako. Hiruzpalau ogitarteko mota ikusgarri ezagutzen dugu, Bar Casa Jesus Mari tabernakoak, La boteríakoak, Orreaga karrikan zezen plaza aurrean (solomoa ahate konfitatuarekin eta rokerfortarekin -hiltzeko moduko gozamena-), eta Álex Mújicaren sukaldeko ogitartekoak (Estafeta karrika).

Sanferminetako sorgin afaria

Badakizu sorgin afaria zer den? Etnologoek diotenez, garai batean Eguberri gau erdiko mezara joateko ohitura izaten zen eta gero jendea etxera itzultzen zen sorgin afaria egitera. Hori ba, festara joan eta afaritik urrun eta gosaritik hurbil zaudenean, zentzuzkoa da hornitu nahi izatea. Bada arazo bat, ordu horietan establezimendu anitzetan sukaldea itxita egoten dela eta jaten ematen ez dutela eta, eskaera dagoenez, janari establezimendu ilegalak agertzen direla.

Jendeak bizimodua ahal duen bezala ateratzea zeharo errespetatuz, jakin behar duzu postu horiek ez dituztela establezimendu legalek egin behar dituzten ikuskapenak egiten eta festa ozpinduko dizun gastroenteritisa paira dezakezula. Saihets itzazu eta gomendatzen dizugu establezimendu batzuek gaueko edozein ordutan ematen dituzten saldatxoa eta ogitartekoak aukeratzea. Egunsentiaren zain geratu eta aholku hauetako lehen puntura itzul zaitezke: Jan txurroak gosarian

img_9778jpg_7515109386_o

© Javier Martínez de la Puente