Argazkia: Javier Ibáñez
Miura mitikoek berriro ere egin dute igandeko entzierroa, ibilbidea jendez gainezka zegoela, eta ostera ere erakutsi dute beren zintzotasuna, aldeetara begiratu gabe eta lasterkariei adarkadarik jaurti gabe osatu baitute bidea. Zorua arras labaingarria zegoenez, adardunak behin baino gehiagotan erori dira, Estafeta karrikan batez ere.
Lasterkari asko ere joan dira lurrera bide osoan eta arrisku bizieneko uneak Mercaderes karrikako bihurgunean gertatu dira, piztietakoren baten adarrek ezkerraldeko hesian zeuden korrikalariak igurtzi dituztenean. Estafeta karrika ere arriskugarri gertatu da gaur, zezenek lasterkariak adarkatu ez baina lurrera bota dituztelako eta gainera laprast egin dutelako behin eta birritan. Igande honetako entzierroak 2 minutu eta 52 segundo iraun du.
Atzokoan bezala, entzierroa osatzen duen zortziehun metroko ibilbidea lasterkariz josita zegoen eta, egiari zor, Miura ganadutegiko zezenak hautematea ez zegoen erraza. Beraien artean borrokatan ibili behar izan dute mutilek korritzeko tarteak erdiesteko.
Zezenaldea abaila ederrean irten da Santo Domingotik gora eta handik gutxira zezenek joaldunei aitzina hartu diete; talde-buru bihurturik, abiada bizian egin dute entzierroa. Jende gehiegi izatearen erruz, bide osoan eroriko asko gertatu dira. Gizonezko bat, erdialdean, harrapatu eta lurrera jaurti dute baina, dirudienez, sustoa baizik ez du nozitu.
Zezenek trinko taldekaturik segitu dute eta, Mercaderes karrikako bihurgunera heldutakoan, inertzia zela eta, haietako askok hesiaren kontra talka egin eta adarrekin ukitu dituzte bertan geldirik zeuden pertsona batzuk. Horietako bat hesiaren eta zezenen artean harrapaturik egokitu da eta zezen batek fereka bat egin dio bere adarrarekin, baina, piztiek aitzina egin eta, izualdi hutsa baizik ez da izan okerrena. Saldoak bakandu gabe segitu du Estafeta karrika osoan, ia, eta ez du alde banatan ziren lasterkariei erasotzeko keinurik.
Eroriko asko eta, ondorioz, jende-metaketaren bat gertatu da bertan. Zorua aurreko egunetan baino labaingarriago zegoenez, bi zezen -gaztainkara eta uspela- bitan ere erori direnez, zezen taldea hautsi eta luzatu egin da. Tarterik lortuko bazuten, biziki borrokatu behar izan dute lasterkariek elkarren aurka baina, gaurkoan ere, lasterka saio ikusgarriak eskaini ditu entzierroak.
Azkenean, zezenaldea arras luzaturik sartu da plazan, abiada bizian. Jende-metatzerik ere osatu da jaitsieran eta sarreran bertan, baina zezenek aitzina egin dute, oldartu gabe. Hondartzan, bertara sekulako jendetza bildua baitzegoen, doblatzaileek ez dute piztiak ukuiluetaraino eroateko zeregina erraz osatu eta, areago, haietako batek kapotea galdu du.