Azkar-azkarra eta ikusgarria

Núñez del Cuvilloko zezenek azkeneko entzierroa osaturik, bost lagun ospitalera baina adarrez zauritutakorik ez

Argazkia: Cristina Abadía

Sanferminetako zortzigarren entzierro biziki azkar eta garbia Conde del Cuvillo behitegikoek protagonizatu dute.

Bidearen gehiengoa trinko egin du taldeak eta, lasterkariak adar tarteetan kondarreko aukeraren bila ibili diren arren, zeregina arras zaila izan dute piztiak ziztu bizian eta elkarrengana estu bildurik egin dutelako txangoa. Guztira, 2 minutu eta 37 segundo iraun du entzierroak eta, dirudienez, bost lagun ospitaleratu dituzte gaurkoan.

Zezenaldea abiada bizian atera da Santo Domingoko ukuiluetatik eta tarte osoa joaldunek babesturik egin du, hur koloreko zezen bat pixkanaka aurrea hartu badu ere. Bidean gaur ez ziren asteburuan adina lasterkari, inondik ere, baina halaz ere, zezenaldea arras trinkoturik zihoanez, adarren aitzinean korritzeko aukera gutxi izan dute parte hartzaileek.

Udaletxe Plazara ere piztiak abaila ederrean heldu direnez, adar aitzinean ipintzea zaila izan dute korrikalariek. Zezen gorrixketako bat lerratu eta erori egin da Mercaderes karrika hasieran baina aurki zutitu eta korrika segitu du, lagunekin batera. Aurreraxeago une latza bizi izan dute lasterkariek, eskuin aldera ihes egin nahi zuen mutila joaldunetako batek harrapatu duenean. Izualdia baizik ez da izan larriena, beharrik!

Zezenak bat eginik eta bizi-bizi jarraitu dute aitzina eta Mercaderes karrika hasieran ez labaindu da, ez hesiaren kontra tupust egin du. Estafeta karrikan suertatu dira gaurko lasterka saio ikusgarri bakanak, adarretatik gertu-gertu; izan ere, hasieran zezen taldea trinko bazihoan ere, aitzina egin ahala luzatu egin da. Karrika buruan adardun beltz bat labaindu eta, horren erruz, pittin bat atzerago geratu da, zezen gaztainkaretako batekin. Joaldunek aurrea hartu dute eta lau zezen gibelean zetozen, entzierro zaleei abileziak erakusteko aukera emanez. Saldoaren atzealdean, hurren, zetozen zezen gaztainkarak eta beltzak ere parada eman diete korrikalariei adar aurreko atzeneko saioa burutzeko.

Estafetan eta Telefonican hainbat korrikalari erori badira ere, piztiek ez dute adarkada egiteko imintziorik agertu. Plazan, bide osoan bezala, laster asko sartu dira: joaldunak lehendabizi, handik gutxira lau zezen eta gibelean adardun gorri bat eta beltz bat, Estafeta kalearen amaieran atzean geratu direnak, alegia.