Entzierro txikia

Entzierroko zezenak Santo Domingoko eskortetara bezperan, gauez, eramaten dituzte, lasterkaririk gabe. Ikusleendako sarrera mugatua dago baina ikuskizunak merezi du

Entzierro txikia edo entzierrilloa. Hala deitzen diogu entzierroen bezperan (gaueko hamaikak inguruan) Gaseko abeltegietatik entzierroa hasiko den Santo Domingo aldapako eskortaraino egiten den horri. Korrikalaririk gabe egiten da. Baimen txartela behar da ikusteko. Iruñeko Udalaren Kultur Alorreko Descalzos karrikako egoitzan ematen dute sanfermin aurretiko egunetan. Deitu badaezpada udaleko 010 zenbakira eta zehaztuko dizute noiz banatzen dituzten. Bakoitzeko bi sarrera ematen dituzte. Oso garrantzitsua da ordena eta garaiz eta isilik egotea, bestenaz zezenak despistatzen ahal dira.

Entzierrilloak 440 bat metroko ibilbidea du. Hasi baino minutu batzuk lehenago udaltzaingo talde batek ibilbidea libre uzten du eta unaimaizterrak unaien lana banatzen du. Turuta hots batek helmugako abeltegia, Santo Domingokoa alegia, trabarik gabe dagoela iragartzen du. Errotxapeako zubian dagoen zaindari batek, hura aditzean, bigarren hots bat ematen du: eskortetaraino igoera ere garbi dago. Orduan saldoa abiatu egiten da unaiak atzean dituelarik.

Jendeak isilik begiratzen du ikuskizuna. Kontraste gogorra goizeko entzierroarekin. Debeku da flashik erabiltzea animalien arreta ez galarazteko. Sanferminetan lehenbiziko aldia baldin baduzu, baliteke nahikoa hotzik gelditzea ikuskizun honekin. Baina bertakoontzat aferak badu halako mistika zer bat, isiltasuna dela-ta, ilargi argia dela-ta, ez dakigu zergatik.

El encierrillo de Sanfermin.

© Victoriano Izquierdo