Argazkia: Carlos Mediavilla
Sanferminetako seigarren entzierroak, Victoriano del Río ganadutegi madrildarraren zezenak protagonista izan ditu. Lasterketa oso bizkorra eta prestua izan da. Zezenek joaldunak aurreratu dituzte eta erorketa eta izualdi ugari egon arren, ez da adarkadaz zauritutako korrikalaririk.
Zezen-saldoa Santo Domingoko ukuiluetatik atera bezain laster, zezenek joaldunei aurrea hartu diete eta taldea lasterketa osoan abiadura handian gidatu dute.
Korrikalariek zezenen erritmoa mantentzeko zailtasunak izan badituzte ere, tarte ezberdinetan lasterketa ikusgarriak egon dira, erorketak izan arren. Ibilbidean zehar zezen-saldoa luzatuz joan da, lau zezen buru ziren Santo Domingoko aldaparen bukaeratik eta metro gutxira beste bi anaiak eta joaldunak zituzten. Mercadereseko aldapan lehenengo lau zezen horiek hesiaren kontra talka egin dute eta eskuineko aldean giza-meta txikia osatu da, baina zorionez zezenek ezkerreko aldea hartuta aurrera egin dute, eta ondorioz ez da arrisku handiko momenturik bizi.
Estafeta kalean zehar zezen-taldea gehiago luzatu da eta korrikalariek adarretatik zentimetro gutxira jartzeko aukera gehiago izan dituzte. Zezenak zezen-plazara binaka sartuz joan dira, lasterketa oso azkarra eta prestua eginez 2:20 iraun duena.