@ Mikel Ciaurriz. Chupinazo de Sanfermin.

Kasu eman

Hona hemen zuk festari etekin osoa ateratzeko eta ezerk zapuztu ez dezan kontuan izan behar dituzun gauza batzuk

San Fermin festa seguru samarra da gehienean guztiok elkar zaintzen dugulako agintariek horretarako egiten duten aparteko ahaleginaz gain. Iruñea hiri europar normala da eta sanferminetan festa handi bateko ohiko arazoak izaten ditu, eta horiek xehetasun batzuekin kontu izatera behartzen gaituzte, litxarrero, kristal edo jende samaldekin adibidez.

Kasu lapurrei

Festa larri guztietan bezala, Sanferminetan ere holako eskutrebe asko egoten dira. Oro har zorro ebasle eta holako klasekoak izaten dira, ez hainbeste lapur bortxa erabiltzen dutenak (ikus telefono praktikoak polizia eta denuntziak egiteko). Zabor ebasleak urtetik urtera gehiago dira: jendea pilatzen den toki guztietan ibiltzen dira.

Dirutza handirik, beraz, ez eraman aldean (nahita ere ezin eraman, zera!), ez dokumentu inportanterik. Nortasun agiriaren fotokopia bat egin, zerbait gertatu eta identifikatu behar bazaituzte ere, eta utzi orijinala ongi gordeta, hotelean edo kontsignan (sanferminetan San Frantsisko plazan, tel. 948 21 24 80).

Gauez txorakeri handia da foto kamara batekin ibiltzea, fotografo profesionala ez bazara behintzat: eskaka ari zara norbaitek lapurtzeko edo apurtzeko, edo, baitere, moxkor ikusgarria harrapatu eta galtzeko; onenean ere traba besterik ez dizu egingo gau guztian. Hemen ONLINE salaketa egin dezakezu Nafarroako Foruzaingoaren aurrean, zerbait ebatsi badizute.

Navarreriako Iturria

Auskalo noiztikan eta zer dela eta, atzerri aldetikan Iruñeko sanferminetara heldutako atzerritarrek “magnetismo” berezia sentitzen dute gure hiriko monumentu honengatik. Barrenak ongi busti ondoren, iturrira igo eta laupabost metroko altueratik euren burua botatzen dute, behekaldean dauden lagunek hartuko dituztela konfiatuz. Baina, noski, jende guztia zeharo edanda baldin badago, nork ziurtatzen du behean daudenek “fardela” hartuko dutela? Ba suposatuko duzuenez, inork gutxik.

nodontdoitfountain.g1

No. Don´t do it. This activity "fountain Jumping" is officially banned. Esta actividad está oficialmente prohibida.  

Normalean sustoren batekin bada ere, iturri azpiko lagunek ongi erantzuten dute; baina gertatu izan da noizbait, arrazoi ezberdinak direla medio, istripu larriak gertatu direla eta iturritik salto egin duen pertsona elbarrituta gelditu dela. Nahiko latza da eta, gainera, horrelako kasuetan ez du bueltarik. Girientzako ongi pasatzeko modu bat da, dudarik gabe, seguruenik beste inon egin ez dezaketen “basakeri” hau eginik primeran igarotzeko aukera. Beste batzuendako, berriz, sekulako astakeria da; burua arriskatzeko nahiko modu ergela. Auskalo, zenbaitzuk ere entzierroa txoru-kontua dela erraten dute, baina tradizioa denez…

Garrantsitsuena, batean zein bestean parte hartu nahi izanez gero, arriskuak zeintzuk izan daitezkeen jakitea da. Modu horretan larritasun egoera batean zer egin jakinen duzu.

 

Iruñeko harresiak

Iruñeak eskuarki harresiak deitzen ditugun bere fortifikazio historikoen parte handia kontserbatzen du. Fortifikazioen museo bat ere badugu; ondare historiko artistiko hori ezin hobeki azaltzen du eta zuk bisita dezakezu. Erreferentzia nagusia Ziudadela da, baina sanferminetan bertan sartzerik ez dago, handik su artifizialak botatzen dituztelako. Kontua da oso politak direla, baina oso altuak, eta Alde Zaharreko eremuan, Arga ibaiaren aldean, arrisku egoerak sorraraz ditzakete.

Redin bastioian (Zaldi Zuria dagoen horretan) oso arriskugarria da harresi zati bat: hogei metroko garaiera aldea, hesiz inguraturik dago baina komeni da arretaz ibiltzea. Noizean behin mozkor arretagaberen bat erortzen da harresian behera. Hobe da hor lorik ez egitea, eta oro har, harresian zehar mozkor eta ilunpean ez paseatzea. Zenbait lagun hil egin dira arrazoi horrengatik.

Plano General de las murallas de Pamplona. murallasdepamplona.com

The fortified city of Pamplona, built between the 16th and 18th centuries, is one of the best preserved bastions in the whole of Europe 

Mozkorraldiak

Zer izanen lirateke sanferminak harrapatzen ditugun mozkorraldiak harrapatuko ez bagenitu? Goizeko eta eguerdiko bermutak, bazkalorduko eta bazkalosteko poteak, edota zezenketan hartzen ditugun tragotxo horiek hartuko ez bagenitu? Batek, daki, baina seguruenik egun festa hauek duten saltsa eta mundu gerri osoan sortzen duten erakarpena, neurri batean edo bestean ezberdina izango litzatekeela; festa ez litzateke berdina izanen, bistan dena.

Sanferminak hasi eta berehala, uztailaren 6ko goiz partean, lagun koadrilarekin egiten dugun hamaiketakoa probestuz edateari ekiten diogu txupinazora joan aurretik. Gero hamabietan txanpain botila zabaldu eta besteen gainera kantitate handi bat botatzen badugu ere, tragosko batzuk egiteko parada ere izaten dugu. Eta momentu horretatik aitzina, batzuek erraten duten moduan mozkorraldia bakarra izaten da, 6ean hasi eta 14ra bitartekoa.

14408927728_d78bbf1bcb_k

©Javier Marítnez de la Puente. Sanfermin.com  

Baina errealitate horrek, badu bestelako alde bat ere, gehiegi edateak sortarazten dituen ondorioena, alegia. Sanferminetan edatea, maiz lehertu arte edatea, batzuek esan dezaketenaren kontra, arrunt gauza normala da (jatearekin gertatzen den moduan). Beste kontu bat da, asko edateagatik lurrean bukatzea, eta sanferminek eskaintzen dituzten aukera aunitzez gozatzeko aukerarik ez izatea; hori guztia huts egitea.

Sanferminak bete betean bizi nahi izanez gero, komenigarria izan daiteke, zaila izanen den arren, norberaren gorputzak onartzen duen alkohol kopurua nondik nora dabilen jakitea. Bestenaz, horrelako festa handi batzuetan ohikoa den moduan, batek baino gehiagok kale bazterretan botata edota hospitalean ematen ditu hainbat ordu. Hori ekiditeko, sanferminetan zaila eginen ez zaizuen aukera bat, ongi jatearena alegia, antidotorik ezin hobea izanen duzuela. Edaten hasita, bestalde, parranda orduak luzeak direnez tragoak dosifikatzea ongi egon liteke eta, denok dakigun moduan, ahalik eta nahasketa gutxien egitea mesedegarria izanen da urdaila gehiegi ez matxakatzeko eta biharamuneko bestondoa arintzeko. Ez ahaztu gero, sanfermin festek bederatzi egun irauten dutela eta guztiak disfrutatu egin behar direla.

Kristalei

Tabernek Sanferminetan ez dute kristal ontzirik erabiltzen, baina botilak, berriz, airez-aire ibiltzen dira. Funtsean: bazterrak bete kristal egoten da lurrean. Festei hastapena ematen dien Txupinazoa bera ere milaka txanpan botilen hustearekin ospatzen da eta ondoren botilak bazterretan uzten dira, maiz apurtu ere egiten direlarik; beraz kasu emaneta jantzi oinetako egokiak.

Ez da komeni sandaliez ibiltzea, edo oina babesten ez duten zapatez: larrialdietatik pasatzen diren asko eta asko kristalez ebakiak etortzen dira. Gainera sandaliak ez dira zapata ona jendetzetarako (oina zanpatu egingo dizute) eta are gutxiago lurrean hainbeste kaka eta kraka egoten delarik.

Ihesari

Iruñean beste nonahi bezain erreza da gaitzak harrapatzea. Santuaren kapotikoak ez zaitu GIBetik babestuko. Hiesaren kontrako herri-batzordea (Comisión Ciudadana Antisida), GKE ttiki bat da, Kaldereria kaleko 16an egoitza duena, hiri zaharrean alegia (tf. 948 21 22 57).

Sanferminoro, prebentzio kanpaina bat abiatzen du: informazioa emateaz gain, prebentziorako materiala banatzen dute (kondoiak, lubrifikatzaileak, e.a.) eta xiringak trukatzeko programa bat ere badute: erabilitako xiringa bat ekartzen duenari berri bat ematen diote trukean, debalde.