Peñajarakoek kalterik eragin ez

Aurtengo sanferminetako lehen entzierroan bi zauritu arin

Argazkia: José Antonio Pérez

Aurtengo Sanferminetako estreinako entzierroa Peñajara ganadutegikoek egin dute, lasterketa azkar-azkar eta garbia burututa (2:23). Bi lasterkari arinki zauritu dira. Ibilbide osoan zezenek eta lasterkariek estropezu egin dute behin baino gehiagotan, baina nozituriko zaurietatik bakar bat ez da larririk izan. Saldoak manera noblean egin du bidea, adarkadarik apenas jaurti gabe.

Zezen-taldeari kosta egin zaio Santo Domingoko ukuiluak irtetea, ia minutu erdia behar izan du bideari ekiteko. Kortako atea zabaltzearekin harriturik omen zeuden adardunak baina, joaldunek erreakzionatu bezain laster, horiekin bat eginik aitzina egin du saldoak abiada bizian. Noble asko jokatu dute zezenek eta, tarte horretan ohiko kontua den bezala, abiaduraren bizia medio, lasterkari asko lerratu dira zoruan. Une arriskutsu bakarra aldaparen erdialdean egokitu da, mutil bat erori eta zezen saldoak zapaldu duenean.

Santo Domingo tartearen bukaeran zezen batek saldoa utzi, aitzina bizi-bizi egin eta taldea Mercaderes karrikaraino eraman du. Hortxe, ordea, labaindu, erori eta joaldunek hartu diote txanda. Bertze zezen bat ere erori da baina, gaitz erdi, azkar-azkar zutitu eta saldoari helduta, aitzina egin dute denek, adarkada-imintziorik agertu gabe, kasik.

Estafetara bat eginik eta abiada handian heldu da zezen-taldea; bertan korrika-saio zoragarriak ikusi ditugu, lasterkariak adarrei pega-pega eginik. Adarren aitzinean ibiltzeko irrikaz zeuden lasterkariak eta, entzierroko tarte horretan olde bat lasterkari bazen ere, zezen-saldoa karrikan barna luzatuz joan denez, tarteak sortu dira eta bertan korrikalari batek eta bik baino gehiagok erakustaldi politak egin dituzte. Ohikoa denez, erorikoak suertatu dira baina, zorionez, ondorio latz edo larririk ez dute izan gaurkoan.

Telefonican bertze zezen bat lurrera erori eta gazte bat harrapatu du baina, ziztu bizian zutitu-eta, aitzina egin du lasterka. Lasterkariek zezen-taldea ederki gidatu dute eta, zezen-plazarako sarreran korrikalari-pilaketa gertatu den arren, horixe izan da arrisku bakarra, saldoak gainetik pasa duelako, lurrekoen aurka adarkadarik jaurti gabe eta oldartu gabe.

Zezen-plazan ere, adardunak bizi-bizi sartu eta, joaldunek lagundurik, zezentokietara iritsi dira, azkenean, bi minutu eta erdiko bidea betetzear.