Guía rápida de la fiesta para vivir Sanfermin con intensidad.

Zer dira sanferminak?

Sanferminak munduko festarik handienetakoak dira, zeinetan bizitzan behin gutxienez izan behar baituzu.

Iruñeko San Fermin festak bizi izan dituztenek diote munduko handienetakoak direla. Sanferminak mundu osperik handieneko zazpi festen artean egoteko arrazoia parranda handia eta alaitasun handia izatea da, eta biak ordu anitzetan biziki lotuak egoten direla… Festa ez da gelditzen. Faktore horiek festa une ezberdin anitz ia edozein ordutan aurkitzea ahalbidetzen dizute. Iruñean, uztailaren 6tik aurrera, jende guztiarentzako tokia egoten da eta adin ezberdinetako lagunek aurki dezakete ongi pasatzeko gustatzen zaiena. Munduko zein festatara joan zaitezke semearekin edo amarekin eta biok primeran pasatzea? …Iruñekoa da horietako bat.

Sanferminetara etorri baino leheen jakin behar duzun 9 aholku

1) Sanferminetan zuriz jantzi, nahi duzun arroparekin baina zuriz, baita entzierroan ere

Zuria festaren kolorea da. Batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak ezabatzeko balio du eta festaren arrakasta eragiten duten xehetasunetako bat da. Zapi eta gerriko gorriak ere eraman ditzakezu. Bestela jantzirik joaten bazara, ez da ezer gertatuko, baina gure festan benetan murgiltzeko aukerari uko eginen diozu.

Kukuxumusuk 1989az geroztik San Fermin festak protagonista dituen kamiseta berezi baten ekarpena egiten dio festari.

2) Festak San Fermin santu katolikoaren ohorez egiten dira

Eta horregatik kantatzen diote egunero lasterkariek entzierroa hasi aurretik eta egiten da prozesio handi bat uztailaren 7ko goizeko 10.00etatik aurrera Alde Zaharrean barna. Parrandak eta eguneroko festak, ordea, ez dute izaera erlijiosorik.

3) Festa karrikan, festa karrika da

Parranda eta festa karrikan bereziki bizi izaten dira. Ohikoa da karrikan egotea, karrikan dantzatzea, karrikan kantatzea eta karrikan hitz egin eta konpartitzea. Eskuarki eguraldi ederra egiten du Iruñean uztailean eta hori aprobetxatu behar da; gainera, batzuetan jendea, hainbeste denez, taberna eta jatetxeetan ezin da sartu eta inguruetan zabaltzen da. Garrantzitsua da, bestalde, orekari eutsi eta deskantsatu nahi duten auzokoak errespetatzea.

4) Errespetua eta alaitasuna hiri osoan barna zabaltzen dira. Festan parte hartzen dutenek baldintza horiekin egiten dute

Sanferminetara etortzen bazara, konparti itzazu alaitasun eta errespetu balioak edozein egoeratan, emakumeekin bereziki, eta zure bisitari eta festari probetxu handiagoa aterako diezu.

5) Ezagutu bertako ohiturak

Festa handiek gero eta ezberdintasun gutxiago dute elkarren artean. San Fermin paregabeetan beste inon ez dagoen makina bat berezitasun eta xehetasun bizi dezakezu: peñen giroa, Riau-riaua, prozesioa, gosaltzeko txurroak jatea, jotak, txistularien alardea, Estruendoa, Jai Gunea, barrakak (feria), e.a.

JavierM@SanFermin201400005_12 de julio de 2014_AZ1K9235

© Javier Martínez de la Puente. Sanfermin 2014. 

6) Iruñeko herriak eta haren ekimenek esanahi berezia ematen diote festari eta Iruñeko Udalak urtero prestatzen duen egitarau ofiziala osatzen dute

Peñak, festaren agente animatzaileak, horren adierazpiderik argienetakoak dira, bai eta auzo elkarteak, kirol elkarteak, gastronomia elkarteak, Kukuxumusu eta beste zenbait marka, e.a.

7) Jende anitz. Plan gutxi

Iruñea hiri erlatiboki txikia da eta sanferminetan bikoizten du biztanle kopurua eta asteburuan hirukoiztu egiten du gutxienez. Ohikoa da bidaiariei esker jende anitz nonahi egotea eta, horregatik, gomendagarria da oso plan itxirik ez egitea, bai eta norbaitekin elkartzeko aski denbora  ematea. Ez kezkatu. Aholku bat: jarraitu peña bati eta haren txarangari eta utzi eramaten.

8) Hemingwayren aztarna

Ernest Hemingwayk Iruñeranzko bidea lagun anitzi markatu zion The Sun Also Rises obraz, James Michener-ek The Drifters izenekoaz egin zuen bezala. Istorio horien erakargarritasunak indarrean dirau eta jende anitz agertzen da Iruñera idazketako bi jenio horien literaturak bultzaturik. Ezagut ditzakezu ukigabe jarraitzen duten tokiak non Hemingwayk bere istorioak eratu baitzituen eta festara hurbiltzeko aitzakia ona izan daiteke.

9) Osasungintza ziurtatua

Osasunerako sarbidea bermaturik dago. Ezer gertatzen bazaizu, sendatuko zaituzte. Nafarroak ospe handia du osasungintzan, bai entzierrorako bai festaz gozatzen duzun bitartean gerta dakizkizukeen istripuetarako. Hala ere, beste herrialde batekoa bazara, gastua kobratuko dizute. Horregatik, ongi dago osasun hedadura bermaturik daukan bidaia aseguru bat egitea. Aholku bat: kontsulta itzazu kanpoan uzten dituzten gauzak, entzierroa eta iturritiko jauzia aseguru konpainien letra txikiko salbuespenetakoak baitira.

DSC08017

©Javier Martínez Lapuente. Sanfermin 2014. 

Festaren gaineko gezurrak

-Ez da bertako tradizioa Navarreriako iturritik jauzi egitea. Bidaiari atzerritar batzuen ohitura da, hori bai.

-Sanferminak ez dira sexu festa. Festa da non, beste edozein egoeratan bezala, edozein izaera eta klasetako emakume eta gizonak errespetatzen baitira.

-Ez da nahitaezkoa entzierroan lasterka egitea. Ez zaitu gutxiesten zezenen aurretik lasterka ez egitea aukeratzeak. Oso normala da balkoi batetik edo zezen plazan ikustea eta Sanfermin.com-ek horretarako toki ona aurki diezazuke.

-Jendeak ez du lorik lorategietan egiten. Debekaturik dago, egon ere, Iruñeko berdegune zabaletan kanpatzea, nahiz eta norbait, etxea edo hotelera berez itzultzeko gai ez delako, parke batean atari zabalean lo geratzen bada, inork ezer esanen ez dion.

-Zezenak ez dira lasterka karriketan barna ibiltzen. Bada ibilbide markatu bat, ordu zehatz batean eta sarbide zehatzak dituena. Ikusi entzierroa nola egin atala gehiago jakiteko.

Guia dormido. © Mikel Ciaurriz.  Sanfermin 2015.

© Mikel Ciaurriz. Sanfermin 2015. 

Zapi gorria Sanferminetan

Zapi gorria Sanferminetan janztea oso tipikoa da; tradizioak berak esaten duenez, festek irauten duten bitartean lepoan lotuta eraman dezakezu. Horregatik, suziria jaurti baino lehen, jendeakeskumuturrean lotuta, poltsikoan edo eskuan eramaten du, eta gora jasotzen dute festen iragarleak ondokoa oihukatzen duenean: “Viva San Fermín! Gora San Fermin!” Festari ekin bezain pronto, zapia lepoan edo buruan janzten da, edo irudimen eta modak egoki jotzen duen moduan.

Zuriarekin ongi konbinatzeaz eta arropa tindatzeaz gain (betiere kalitate onekoa ez bada eta zuriarekin batera hogeita hamar gradutan baino gehiagotan ikuzten baduzu), zapiak jatorri erlijiosoa dauka. San Ferminen omenezko kapera San Lorentzo elizan kokatzen da; bertako parrokoak, Jesús Labarik, ondokoa dio: “Ez dago jakiterik, ziurtasun osoz eta frogatutako gertaerez baliatuz, zapia noiz erabiltzen hasi zen, baina badakigu arrazoiak zeintzuk izan ziren. Santu baten omenez egindako ospakizun erlijiosoetan gorriz janzten gara apaizok, santua martiri izan bada eta bere sinesmenengatik hil egin bada. San Ferminen omenez egiten diren festen kasuan, hala egiten dugu martirioa pairatu zuelako, eta zapi gorriarena, jendeak ohitura erlijioso hori interpretatzeko duen modu bat da.”

Badakigu zapi gorria eramatea zuriz janzteko ohitura baino zaharragoa dela, zuriz janztekoa gertatu berri baita. Izan ere, Miguel Javier Urmeneta, hirurogeigarren hamarkadan Iruñeko alkatea zenean, ahalegindu zen peñek arropa zuria janzteko ohitura zabal zezaten, eta lortu egin zuen. Bestalde, zapiaren ohitura sostengatzen duten beste teoria batzuk ere badaude. Batzuen aburuz, zezena deitzeko balio du, izan ere, dirudienez, gorri koloreak zezenak erakartzen ditu. Gogorarazi beharra dago entzierroan gerriko eta zapirik gabe korrika egitea gomendatzen dela, zezenak hortik, hain zuzen, harrapatu dezakeelako korrikalaria; hortaz, gutxi dira teoria horren alde egiten duten pertsonak.

Beste iruindar batzuk uste dute zapia Iruñeko hiriaren ohitura dela, eta horrek San Ferminen martirioaren sinesmena indartuko luke, Bost Zaurien Botoari dagokiona, alegia. 1599. urtean ezarri zen hori, eskerrak emateko ekintza gisa, Iruñeko biztanleriaren heren bat akabatu zuen izurritea erauzteagatik. Sendagaiak baino eraginkorragoa -orduan ez baitzegoen sendagairik- izan zen gaixoen bularretan Kristoren Bost Zaurien sinboloaren zigilua jartzea. Neurri horren eraginkortasuna ikusita, eta eskerrak emateko, hiriko agintaritzek erabaki zuten “Bost Zaurien” botoa deritzona betiko ospatzea. Zauri horien irudikapenak, hain zuzen, zapia lepoan nola geratzen den moduarekin antza handia dauka.

redscartsanfermin2016