Argazkia: Juantxo Erce
Cebada Gago zezen beldurgarrien entzierro zirraragarri eta arriskutsua. “Fugado” izeneko zezen beltz bat lasterketaren protagonista izan da, Santo Domingoko tartearen hasieran behaztopa egiteagatik atzeratua geratu delarik. Zezen honek entzierroaren tarte ezberdinetan arriskurik gehien izandako uneak sortu ditu, Telefónican bereziki, bertan hainbat aldiz buelta eman eta hesiaren ondoan zeuden lasterkariak eraso egin baititu. Antza tarte horretan bi korrikalarik adarkada jaso dute.
Zezen-saldoa elkartuta atera da Santo Domingoko ukuiluetatik, baina jarraian luzatuz joan da eta gaztaina-koloreko zezen batek aurrea hartu eta lasterketa osoan bere anaiak gidatu ditu. Zezen beltza Santo Domingoko hasierako tartean atzean geratu da, tentsio eta arrisku handiko uneak sortuz, korrikalarien kontra mehatxuzko keinuak eta erasoak etengabeak izan dira eta behin eta berriz entzierroaren tarte ezberdinetan biratu egin da. Zezen-taldeak bitartean ziztu bizian jarraitu du eta nahiz eta asteburuan baino lasterkari gutxiago izan, korrikalariak hutsuneak lortzeko borrokan ibili dira, Estafeta kalean lasterketa ikusgarrietan parte hartuz.
Telefónicako tartean ikara handiko momentuak bizi izan dira, azken zezenak hainbat alditan bira emateagatik eta hesian zeuden lasterkari batzuen kontra jotzeagatik. Gazte batzuen eta unaien laguntzaz entzierroak aurrera egin du eta zezena zezentokian barna sartu da 3:37ren ondoren.