Mercaderesen hesiaren kontra eramanak

2007ko Sanferminetako bigarren entzierroa ikusgarria izan da. Miura ganadutegiko zezenek elkarrekin eta zintzoki jokatuz egin dute ibilbidearen zati gehientsuena, baina kailejoira doan aldapatxoan saldoa gidatzen zihoan zezen bat lurrera erori eta atzetik zetorren beste adardun baten erorketa eragin du. Azken hau izan da zirrara uneak sortu dituenak entzierroaren tarte honetan, izan ere hesiaren alde bietara jo du behin eta berriz eta baita atzean gelditu den jendearengana ere. Lasterketak 3:43ko iraupena izan du eta, ematen duenez, lagun bakarrak jaso du adarkada eta beste zortzi eraman dituzte Iruñeko ospitaletara.

Entzierroa berriro ere 8ak baino pixka bat beranduago hasi da eta saldoa joaldunek babestuta atera da Santo Domingoko eskortatik. Miuratarrek duten ospeari jarraikiz, zezen taldea zintzo abiatu da aldapan gora, lasterkariak harrapatzeko keinurik egin gabe, nahiz eta tartea korrikalariz mukuru zegoen.
Aldaparen bukaeran, giza meta txiki bat egin da ezkerraldean, paretan zegoen jendetzarengatik, eta zezen batzuk lurrean ziren gazte batzuk zapaldu dituzte.

Udal plazan zezenak aurreratzen joan dira, baina zintzo jokatu dute eta abiadura bizian pasa dira. Mercaderesko bihurgunera iritsi aitzin, aurretik zihoan zezen batek bi gazte harrapatu eta hesiaren kontra jaurti ditu. Hortxe, hesian erorita, hiruzpalau gazte gelditu dira harrapatuta, baina zorionez zezenek ez diete erreparatu eta aurrera jarraitu dute Estafetan gora.

Saldoa erabat luzatu eta arrapaladan joan da Estafeta osoan zehar, bi joaldun gidari joaten zirela. Zezen batek estrapozo egin eta lurrera erori da Estafeta hasieran, baina laster altxatu eta zorionez ez da arrisku une larririk sortu. Estafeta karrika berriro ere korrikalariz gainezka zegoen, baina lasterketa ikusgarriak izan dira gaurkoan ere.

Ikara uneak kailejoira doan aldapatxoan bizi izan dira, aurretik joaten zen zezen bat eskuineko egur hesira hurbildu eta erori ondoren, atzetik zetorren beste adardun bat estropezu egin eta gero hesiaren alde bietara behin eta berriz eta atzean gelditu diren lasterkariengana jo duenean. Bertan ziren lagun batzuk behin eta berriz saiatu dira zezenaren atentzioa deitzen, debekatuta dagoen arren, eta horregatik adarduna hainbat alditan atzera bueltatu da arrisku une larriak sortuz. Entzierroa zaintzen duen artzain bat lurrera erori, baina zorionez segituan altxatu da eta sustoa besterik ez du bizi. Beste gazte bat azken zezen honekin borrokan aritu da, animalia etengabe saiatu delako adarkatzen. Une zirraragarriak bizi ondoren, azkenean entzierroan parte hartzen duten betiko lasterkari batzuei esker, zezena plaza aldera abiatu da eta 3:43 pasa ondoren zezendegira sartu da.