Argazkia: Pablo Roa
2009ko Sanferminetako laugarren entzierroa lutoz jantzi da Daniel Jimeno Romero, 27 urteko gaztearen heriotza dela eta. Alcalá de Henares-ko mutilak lepoan jaso du adarkada Telefónicako tartean. Arnasteari utzita heldu da Nafarroako Ospitalera eta medikuek ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Lasterketa oso dramatikoa izan da hasieratik eta 4:28ko iraupena izan du, protagonista nagusia “Capuchino” izeneko zezen gaztainkara bat izan delarik. Udaletxeko plazan labaindurik, eskuinaldean ziren lasterkarien aurka oldartu da. Hortik aurrera egin du bakar-bakarrik, gainerako adardunetatik hainbat metrotara eta ibilbidean zehar, bai Mercaderes karrikan, baita plazarako kallejoian ere korrikalari batzuk harrapatu ditu. Horietako bat, ezkerraldean zegoena, zezenak airetik jaurti du eta gero hainbatetan jiratu da beraren aurka, arrisku biziko egokierak sortaraziz. Lau pertsona gertatu dira gaurko entzierroan zezen-adarrez zaurituta eta bertze zortzi lagun Iruñeko ospitaleetara eraman dituzte.
Jandilla ganadutegikoak abia bizian irten dira Santo Domingoko ukuiluetatik eta, hasiera-hasieratik, zezen beltz bat jarri da saldo-buru. Bideari egin diote adardunek, alboetara askorik begiratu gabe eta berehala beltzaren agintea kide gaztainkarak hartu du, saldoa abaila handian eramanik.
Zezen gaztainkara hori izan da entzierroko protagonista, Udaletxeko plazaren hastapenean lerratu eta eskuin aldeko hesian zeuden lasterkariei oldartu baitzaie. Luze geratu da bertan adarduna, korrikalariei erasoka; bien bitartean, gainerako zezenek ibilbidean aitzina egin dute, azkar asko egin ere. Handik metro batzuetara zezen beltzen bat ere irristatu da eta gibelean geratua zen seigarren zezen gaztainkara horrek Mercaderes karrikan, despistaturik zebilenez, gibeletik “Capuchino” zetorrela ohartu ez den gizonezko bati eraso egin dio.
Joaldunek babesturiko bortz zezen beltzek osaturiko saldoak Mercaderes karrikako hesia bortizki jo duen arren, adardunik ez da erori. Atzerago zetorren piztia gaztainkara, ibilbidean ikara zabalduz.
Estafeta karrikaren hasieratik zezen-taldea arrunt luzatu denez, lasterkariek korrika saio ederrak egin ahal izan dituzte, atzo ez bezala, gaurkoan adardunen aitzin-aitzinean ibiltzeko aukera izan baitute. Zezen gaztainkara hortik metro zenbaitetara zetorrela, Telefonica parean eta kallejoirako jaitsieran estura larriko unean bizi izan dira, lasterkarien aurka behin baino gehiagotan oldartu zaienean, horietako bat hil den lasterkari gaztea. Zezena bakarrik eta noraezean zebilenez, korrikalariei begiratu eta eraso die. Lasterkari eta unaiek ahaleginak eta bi eginez, plazaraino ekarri eta zezentokietan sartu dute atzenean, gainerako zezenak baino minutu eta gehiago geroago.