Jandillak kaosa ekarri

Kailejoian Gaviotok bizi arazi duen une dramatikoa eta lau lasterkari adarkatuta, gaurko entzierroan

Argazkia: José Antonio Pérez

Aurtengo sanferminetako entzierroen despedida Jandillakoek eman dute. Zauritu eta adarkatuen kopuruaz ari garela, Jandilla ganadutegia arriskutsu eta beldurgarrienetako bat. Gaurkoan, berriro ere, arriskuz beteriko lasterketa korritu dute eta Gavioto zezen gorria, gainerako zezenengandik bereizi, gibelean geratu eta behin baino gehiagotan jiratu da atzera. Pertsona aunitz deika ari zitzaizkiola, plazarako sarrera baino lehenagoko hesiaren kontra hainbatetan oldartu da. Tarte horretan tentsio handiko uneak bizi izan dira eta, lasterkariek zezena plazara eramateko ahaleginak egin badituzte ere, adardunak ez du men egin, bereari heldu dio. Zezenak bereari eta lasterkariek ere bai: halako batean, Gaviotok pixkaka-pixkaka aitzina egin eta hondarrean sartu da, 900 metroko ibilbidea egiteko lau minutu eta hogeita bi segundo bete ondoren.
Beste une arriskutsu bat Mercaderes bihurguneko eskuinaldean bizi da, bertan lasterkari bat zezen beltzak harrapatu duelako. Guztira, hamaika lasterkari eraman dituzte Iruñeko ospitaleetara, horietatik lau zezen-adarkadaz zauriturik.

Zezen-taldeak trinko eta joaldunek bildurik egin du lehen partea, estafeta karrika bukaeraraino, kasik. Ibilbidearen hasieran lasterkariak ez ezik zezenen bat ere erori dira, behin baino gehiagotan. Adardunak, aitzina zihoazela, tarteka lasterkariei so zebiltzan eta, areago, adarkada-imintzioak ere egin dituzte.

Saldoak abiada bizian sartu da Udaletxe plazan eta Mercaderes karrikan eta, tarte horretan, zezen beltzak idiei aurrea hartuta, zezen guztien gidari jarri da, buruan. Horrek arrisku larriko uneak eragin ditu aitzinean: Mercaderes karrikako bihurgunea eskuinetik hartzean, adibidez, gizonezko bat harrapatu eta airean irauli du eta, ondoren, Estafetan, beste baten kontra ere oldartu da, bortizki oldartu ere. Saldoa hortik metro gutxitara zetorren eta, orduan, zezen horrekin elkartu eta hainbat adardun lerratu eta lurrera joan dira Estafeta karrikaren hastapenean. Dena dela, berehala zutitu eta ziztu bizian segitu dute.

Ibilbidearen bukaeraraino idiek lagundurik korritu dute zezenek baina estafeta karrikan saldoa luzatuz joan da. Horrek aukera eman die lasterkariei adarretatik gertu-gertu korritzeko eta, beren burua luzituko bazuten, aurtengo sanferminetako azken entzierroaz baliatzeko, bukaera goxoa gogoan. Lasterkari ugari harrapatu dituzte zezenek eta erorketak are eta ugariagoak izan dira ibilbide osoan, gaurko entzierroan.

Gavioto zezen gorriak Telefonican lerratu-eta, gaurko entzierroko une arriskutsu eta larrienak protagonizatu ditu, behin baino gehiagotan gibelera jiratzeaz gainera, lasterkariak babesturik zeuden hesien kontra behin eta berriro oldartu egin delako.

Lasterkariek behin eta birritan zezen gorria plaza aldera eramateko ahaleginak egin dituzten arren, adarduna, berearekin tematuta, inguruan zituen lasterkariei adarkada-imintzioka jardun da beti. Lasterkariek etsipenik ez emateari eta unaiek ongi eginiko lanari esker, zezenak aitzina egin du, plaza aldera, baina bertako hondarrean ere deskuidaturik zegoen lasterkari bat harrapatu du. Aurtengo sanferminetako entzierrorik arriskutsu eta gorabeheratsuenetako bati lau minutu eta hogeita bi segundotan amaiera eman dio Gavioto gorriak.