© Hanna Quevedo

Beste ohiturak

Sanfermin, egun bat hilean behin

Eskailera

Sanferminak propio uztailaren 6tik 14ra bitarte ospatzen badira ere, urtean zehar festa honekin harremana duten zenbait ospakizun antolatzen dira, batipat festak hasi baino aste bat edo bi lehenago: peñen eguna, esaterako. Gu, oraingoan, urteko hasierako hilabeteetan eta modu jarraian peñetako zenbait kidek, orain dela hainbat urtetik hona, urteoro errepikatzen duten errito berri eta kurioso bati buruz arituko gara.

Sanferminetan hagitz ezaguna den kantu batek erraten duenari jarraikiz, (“Uno de enero, dos de febrero, tres de marzo, cuatro de abril, cinco de mayo, seis de junio, siete de julio San Fermín. A Pamplona hemos de ir con una media, con una media, a Pamplona hemos de ir con una media y un calcetín”) Sanferminak iristeko falta diren egunak ezinegonaz, are gehiago, irrikaz kontatzen eta ospatzen dituzte peñetako kideek. Aitzaki bat besterik ez da elkarrekin bildu eta sanferminak gogora ekarriz, parranda polita egin eta geroz eta gutxiago falta dela aldarrikatzeko.

Urtarrilaren 1ean, urtea hastearekin batera, “Eskailera” deituriko ohitura honen lehenengo urratsa ematen da. Ondoren, jarraian (eskailera baten moduan, hortik datorkio izena ohitura honi), kantak aipatzen dituen datak Sanferminetako oroitgarri eta festarako aitzaki bihurtzen dira peñako kideentzat: geroz eta gutxiago falta baita Sanferminetarako. Euren egoitzetan bildu eta sekulako afariak egiten dituzte, bai eta txuri eta gorriz jantzi ere haietako zenbaitzuk.

Datak, urteko lehenengo hilabeteetan eta salteatuta izaten direnez, zaila izaten da ohitura honek jarratzaile ugari izatea. Alde zaharretik poteatzen zabiltzala, koadrila bat txuri eta gorriz edota sanferminetako kantak abesten entzuten dituzunean, bakarrik orduan ohartzen zara gutxiago falta dela.

Alde Zaharreko taberna batzuek dena den, peñen asmo honekin bat egin eta sanfermin doinu tipikoak jartzen dituzte. Zenbait orduz bada ere, sanferminetako giroaren hatsa sentitu eta festekin amesteko aukera izaten da.

Riau Riau-a

Riau-riaua ekitaldi tradizionala da zeinetan jendea Udalarekin batera joaten baita udaletxetik San Ferminen kaperaraino, guztira 500 bat metroko ibilbidean. 1914tik ofizialki egiten zen eta 1991 arte iraun zuen horrela. 1997an berrekin zitzaion ekimenari hasi zen modu berean, herriaren bultzadaz. Ibileraren abiadura motela da jende anitz biltzen delako eta jendetza “Riau Riau” Astrainen baltsaren erritmoan kantatuz joaten da. Kanta behin eta berriro errepikatzen dute bertaraturikoek La Pamplonesak doinua jotzen duelarik. Kantatzeko aldien errekorra 1980koa da, etengabe 181 aldiz entzun ahal izan baitzen. Ekimen horren erruduna Ignacio Baleztena izan zen eta haren semeak Premin de Iruñaren blogean berreskuratu du jatorrizko historia.

1991n Riau-Riaua bertan behera utzi zuten Udalbatzak ibilbidea egitea eragotzi zuten gertaera larrien ondoren. 1972 eta 1980an ere ezin izan zen Riau-riauaren ibilbidea bukatu, baina 1991koa behin betikoa izan zen gertaeraren intentsitateagatik. Geroko zenbait urtetan berreskuratzeko saiaketak izan ziren, 1996an esaterako, baina ahalegina alferrikakoa izan zen.

1997an Mutilzarra peñako zenbait kiderenak izan ziren Riau-riaua herriak, ordezkari politikorik gabe, berreskuratzeko lehen ahaleginak. Iniziatiba horrekin Patxi Garcíaren akuiluak bultzaturiko erretiratu elkarte batzuek egin zuten bat. Pixkanaka ahalegin hori zaleak bereganatuz joan zen eta 2002az geroztik Yoar erretiratuen elkarteak era herritarrean hartu zuen bere gain ekitaldia.

2006an La Pamplonesa bandak eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak egin zuten bat ekitaldiarekin. Emaitza ekitaldi tradizionalaren oso antzekoa da, baina Udalbatzarik gabe eta, hortaz, protestarik gabe.

2012an jardunaldia ofizialki berreskuratu zen, baino ezin izan zen ibilbidea bukatu. Liskarrak izan ziren Udaletxe plazan, beraz Riau Riau-a berriz ere atzera bota egin zen sine-die. Ikusi berria 2012.

2013an Mutilzarra peñak Riau-Riau-a berriz ere bultzatzen hari du ez-ofizialki eta autoritateen presentziarik gabe, uztailaren 6-an, arratsaldeko 18:00-tan Udaletxe plazan.

 

Villavesaren entzierroa

Festak ofizialki uztailaren 14an bukatzen dira, baina 15ean ere bada festa, eta bada festa ahal den guztia luza dadin, entzierro eta guzti, ahal duen guztia egiten duena. Uztailaren 15eko entzierroak “Billabesaren Entzierro” gogoangarrian du jatorria. Iruñean hiri-autobusei deitzen diegu billabesa, eta uztailaren 15ean, horrezkero festa ofiziala akiturik zegoela, Santo Domingo aldapan gora zihoan autobusak ohiko zezen saldoa ordezkatzen zueneko lasterraldia zen billabesaren entzierroa.

Entzierro hau bestearen pareko zeremoniarekin egiten zen. Santuari abesten zitzaion (botila batez ordezkatuta), piztia zirikatzea debekaturik zegoen, e.a. Ezarririko ordenari egiten zitzaion txantxa zen. Eta ezarririko ordenari, jakina, ez zitzaion halakorik gustatzen eta, beraz, bere eskuan zegoen guztia egin zuen “billabesaren entzierroa” pikutara joan zedin. Denbora dezente joana da zortzietako billabesa kendu zutenetik, baina berdin zion; azokara igotzen zen banaketarako furgoneta bat erabili ohi zen, edota Santo Domingon gora egiten zuen edozein ibilgailu.

Azken garai hauetan hein batean aldatu da gauza: entzierroa ziklista (elastiko eta guzti) baten eta zezen mozorrotutako norbaiten aurrean egiten da. Eta badira kantikak, santuari, zaleek uztailaren 15eko Patroi Santua deritzotenari. Dirudienez, aski santu mozkorti eta maltzurra omen da, zeina ‘gaixoa ni’ amaituta prozesioan joaten ohi den jendeari benedikazioak banatuz, entzierro berezi honen tenorea iritsi arte.

 

Entzierro Txikia

Ekitaldia, Mr. Testisek eta bere anaiek protagonista dituena, Marrazki Fabrikak Estafetan dituen bi denden artean. Aurten Kukuxumusuk aspaldidaniko asmoa zen proiektu bat abian jartzea lortu du: entzierro txikia egitea. Sanferminetan bigantxekin haurrentzat eginiko azken entzierroetatik hogeita lau urtera, Kukuxumusuk lasterketa bat sustatu du, bi metroko peluxezko adardunekin egitekoa hain zuzen. Mister Testis ezagunak, kumaldiko anaia batzuen ondoan, Kukuxumusuk Estafeta karrikan dituen bi denden arteko 200etik gora metroak ibiliko ditu uztailaren 11n arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera.

Ekitaldiak entzierro ofizialaren osagai guztiak izanen ditu: hasierako kantika, unaiak, suziri iragarlea eta, batez ere, txikienentzako dibertsioa. Udalak egiteko baimena eman du eta parte hartu nahi duten haur guztiek izanen dute horretarako aukera.

 

Guiri Day

Urtero, Kukuxumusuk sanferminetan Urteko Guiria saria ematen du. Horrekin bestetako atzerritar eroenari errekonozimendua ematen dio. Kukuxumusuk sanferminetako guiriak biziki maite ditu. Horregatik, 1996. urteaz geroztik Guiri Day izenekoa, hots, atzerritarra omentzeko eguna, antolatzen du. Honekin atzerritarrak bestaren funtsezko parte direla aldarrikatu nahi da eta aski errekonozitutako ez den eta bestak gaur diren bezalakoak bihurtzen lagundu duen talde baten benetako irudia eman ere.

Atzerritarra omentzeko ekitaldien artean, 2004an, Urteko Guiriarendako Saria ezarri zen. Horren bitartez festekiko duen grinagatik nabarmendu den bisitari baten ibilbideari errekonozimendua aitortzen zaio. Urte bakoitzean, Kukuxumusuk atzerritarrari bere jatorrizko lurraldean egiten dio bisita sari bat emateko eta beranduago, sanferminetan, bazkari bat antolatzen da aurreko urteetako saridun guztiekin. Bertan, hizkuntza ezberdin asko entzuten diren arren, guztiek primeran ulertzen dute elkar.

2004 – Carmen Alicea. AUS / Australia.
2005 – Lore Monnig. USA / Estados de Unidos de America.
2006 – Lars Ingvaron. SWE / Suecia.
2007 – Manfred Walloschke. GER / Alemania.
2008 – Massaoud Sbai. MAR / Marruecos.
2009 – Frank Taylor. UK / Reino Unido.
2010 – Chiyoshi Sugawara. JAP / Japón.
2011 – John Patrick Hemingway. EEUU.
2012 – Catherine Donell / EEUU.
2013 – Jean Louis Douenne. FRA / Francia.
2014 – Anna Nelubova. RUS / Rusia.
2015 – Jean-Pierre Gonnord. FRA / Francia

Espartinaren Dantza

Espartinaren dantza beharbada munduan izaten diren dantzaldietarik goiztiarrena da. Goizeko bederatzietan hasten da, egunero, eta Casino Principalean egiten da, Gazteluko plazako 44 zenbakiko lehenbiziko solairuan. Funtsean, dantzatzean datza, izenak berak dioen bezala. Batzuentzat, goiztiarrenentzat, jaiki edo entzierroa ikusi ondoren egiten duten lehendabiziko zerbait da; beste batzuentzat, gautxorienentzat, parrandan jarraitzeko beste era bat gehiago da.

Izenaren jatorria zera da, orain dela anitz urte, ohitura hasi zenean, jendea entzierroaren ondoko dantzaldira espartin herrikoiak oinetan joaten zela, hori duela zenbait hamarkadatako Iruñean oso oinetako ohikoa baitzen.

Ekitaldian hiriko izenik finenetako batzuk biltzen dira. Hori ez da ezustekoa, sartzea ez baita erraza. Izan ere, beharrezkoa da Casinoko bazkide izatea edo Casinoko bazkide batek zu aferan parte hartzera gonbidatzea. Merezi du saiatzea, Jarauta edo San Nikolas karriketan aurki daitekeenaz bestelako giro mota ezberdin samarra ikusteagatik bada ere.

1999az geroztik Casino Principalak, bestalde, “Ohorezko espartina” saria ematen du, urte bakoitzeko entzierrorik hoberena aitortzeko.
otrosritos_alpargat_holl.g

© Jim Hollander 

Gizakien entzierroa

Giza-entzierroa, Petak deituta, sei urtetan egin zen. 2008ko sanferminak baino zenbait hilabete lehenago, erakunde honek iragarri zuen bere sentsibilizazio estrategia aldatzen zuela eta, berriro iragarri arte, ez zela sanferminetara etorriko. Arrazoia, haien deialdiek nazioarteko hedabideak eta jende gehiago erakartzen zituztela festara eta honek haien interesen aurka jotzen zuela.

Orduz geroztik munduan zehar zezenketaren aurka eta sanferminetako entzirroen aurka aritzen dira. 2008an bere tokia Animanaturalis-en protesta batek hartu zuen. Erakunde honek zezen plazaren aurrean kontzentrazio bat egin zuen eta bertan 60 lagun inguru bildu ziren, zezenak balira bezala banderillak sarturik, entzierroaren aurka baino zezenketaren aurka eginez.

Honetaz gainera, 2008ko uztailaren 12an, Equanimal erakundeko zortzi partaidek entzierroko babes-hesiak gainditu zituzten, suziria baino minutu batzuk lehenago, ibilbidean sartzeko eta entzierroa saboteatzen saiatzeko. Udaltzainek protesta bertan behera uzteko ardura hartu zuten eta entzierroa arazorik gabe egin zen.

Giza-entzierroaren historia

2002tik 2007ra, uztailaren bostean, PETA erakundeak (People for the Ethical Treatment of Animals, ingelesez; Animaliei tratu etikoa emateren aldeko pertsonak, euskaraz) antolatu du ohiko entzierroaren ibilbidea bera egiten duen lasterketa benetan bitxia. Entzierroaren aurkako entzierro bat da, gizakien dibertsiorako animaliak ez erabiltzea aldarrikatzen duena. Segurtasun neurriak zirela-eta, ibilbideak Larru-ontzaileen zubia zuen abiapuntu, arratsaldeko ordu batean. Hortik, Santo Domingo aldapaz gora joaten zen, Herriko Etxeko ertzetik ibiltzen zen, Azokaren atzealdetik eta, Nabarrerian barna, Caldererian sartzen zen. Labrit aldapan gora zezen plazara iristen zen eta han, zezen plazako sarbidean diskurtso bat egiten zuten.

Deigarriena da entzierro honetan parte-hartzaileak larru gorritan edo ia biluzik joaten direla. Biluzgorri edo larru erditan. Gertaera dibertigarria, jai-girokoa eta baketsua denez, Gobernuaren Ordezkaritzak ere baimena ematen du egiteko eta bertan parte hartzen dutenen segurtasunez arduratzen da. Telebistetan eta egunkarietan titulu ugari erdietsi dituzte Iruñean ez baita ohikoa izaten gizonezko eta emakumezkoen olde bat, biluzik, karrikan barna lasterka ikustea. Pixkanaka gero eta zale gehiago irabazi dituzte, izan ere, 2002an 20 izatetik 2007n ehundaka izatera pasatu ziren.
20130705_peta31

 

Estruendoa

Estruendoa ere programaz kanpoko beste ekitaldi bat da. Egun jakinik ere ez du izaten, gainera; astegun batean izaten da, jaiaren lehen eztanda pasa denean eta Iruñeko gaua lasaixeagotu denean.

Gauza berria da, baina aspaldi samarrekoa honez gero: duela gutxienez hogeita hamarren bat urte hasi ziren sanferminzale batzuk gau batean burrunba egiteko bildu ahala katxarro hartu eta Hiriari belarriak gortu beharrean jotzen.

Partehartzea librea da: hartu burrunba egiteko edozein traste (bonboa, danborra, etab.) eta Udalaren atzean azaldu gauerdiko hamabiak baino lehen. Hamabi-hamabietan Agur Jaunak jo eta hortxe aterako zaizkizu jo ahala joaz Iruñeko kaleetan barrena. Handik hiru-lau ordutara bukatzen da gauza San Cerninen “pocico” delakoan, erdi gortuta eta erabat kaskartuta (maiz gelditzen baitira bidean).

struendo2008.g

 

Baratxuriak

Baratxurien plazak Errekoleten plaza du benetako izena. Baina ohikoa da jende askori baratxurien plaza deitzen entzutea. Sanferminetan oraindik han jartzen diren postuetan baratxuriak saltzen direlako gertatzen da hori, eta plazak izendapen ofizialik 1974a arte, Udalak erosi zuen arte, izan ez zuelako. Izen ofiziala, Errekoletena, plazako buru Agustindar Errekoleten komentua izateari zor zaio, baina ikatzarena eta baratxuriena ere esan izan zaio, bertan izaten ziren merkatariengatik.

San Fermin festetan baratxuriak saltzea gain behera etorririko tradizioa da, ezen XX. mendeko berrogeita hamarreko eta hirurogeiko urteetan, esaterako, 26 etxetxo ere jartzen zen. Eskaera handiak posturik hoberenak lortu ahal izateko enkantea egitera behartzen zuen eta 1967an 42.000 pezeta ere ordaindu zuten haietako hoberenarengatik.

Mutilek baratxuri txirikorda osoak erosten zituzten eta gero lepoan eramaten zituzten festetan. Gainera, ohikoa zen jatorrizko herrira opariko baratxuriak eramatea, zein gero kontsumitu arte sukaldean zintzilik egoten baitziren.

Lehengaia orain handizkariak ekartzen duen tokitik etortzen da baina Corellako eta Falcesko baratxuriak oso ospetsuak izan dira. Familia handi batzuek hartu dute parte ohitura honetan, Izquierdotarrak eta Martíneztarrak adibidez. Tuterako Pedro Martínezek jarraitzen du sanferminetara bere txirikordekin etortzen.

E.H. Egunak

Hemingway Egunak, urtero, Key West-en (Florida) egiten dira Ernest Hemingway-ren urtebetetzea ospatzeko. Urtero, uztailean, Key West-en (Florida) Ernest Hemingway-ren urtebetetzea ospatzen da haren omenez egindako jai batekin, Hemingway Days (Egunak) izenekoa

Ernest Hemingway-ren urtebetetzea ospatzeko (1899ko uztailak 21), Key West-en (Florida), bere bizitzaren aldi handia pasatu zuen tokian, urtero, haren omenez, jai bat antolatzen da: Hemingway Days izenekoa. 2014an gertaera horren 34. edizioa ospatzen dute, eta bertan, idazlearekin izugarrizko antza duten dozenaka lagunek entzierro batean lasterketa egiten dute, Hemingway-k Sanferminekiko zuen miresmena gogoratu nahian.

Hemingway Egunak, urtero, Key West-eko Sloppy tabernan ospatzen dira, Hemingway, han egon zen bitartean, maiz bezero izaten zuen tabernan, alegia. Entzierroaz gain, Hemingway Egunetan literatur irakurketak, liburuen sinadurak, hiru eguneko marlin torneo bat eta sari zeremonia bat izaten dira. Azken honetan kontakizun laburrak lehiatzen dira eta Hemingway-ren biloba Lorian izan zen horren sustatzailea.