Iruñeko entzierroa munduan zezenekin egiten den lasterketarik ospetsuena da. Mundu osoko gazteek balore eta bizi-esperientzia mailakoen artean gehien hautatzen duten proba da. Horregatik, Iruñean, uztailean, entzierroan lasterka egin gogo duten bi pertsona mota izaten dira: mundua zeharkatu eta entzierroan lasterka egin nahi dutela oso garbi dutenak eta Sanferminetara etorrita, behin hemen egonda, zezenekin lasterka egin behar ote duten zalantzan dabiltzanak.
Zeure buruari erantzuten laguntzeko argudio batzuk eman behar dizkizugu: Sanferminetako entzierroan lasterka egin beharko nuke? Horra hor entzierroan lasterka egin baino lehen ezagutu behar dituzun 9 gauza.
Lehendabizi, ongi informatu
Erabaki aitzin, entzierroa zertan den jakin behar duzu eta horretaz informatu. Garbi baduzu, presta zaitez, ustekaberen bat izateko arriskua txikiagoa izan dadin. Entzierroari buruzko gure presako gidaliburua kontsultatu, entzierroaren gaineko oinarrizko ideia izan dezazun.
2) Zeure buruari ongi prestaturik ote zauden galde iezaiozu
Entzierroa lasterketa bat da. Hortaz, kontuan hartu behar duzu sasoi onean zauden eta oinetako eta arropa egokia dituzun. Galdera hori ibilbidean sartu baino lehen berriro egin behar diozu zeure buruari. Prestatu bazara baina, parranda gau baten ondoren indarge bazaude, edo mozkorturik bazaude, hobe duzu asmoa bertan behera utzi eta lasterketa beste egun baterako uztea.
3) Baina ez duzu Superman izan behar
Ez izutu. Entzierroa 875 metroko lasterketa da baina ez da ibilbide osoa egin behar. Inork ez du hasieratik bukaeraraino lasterka egiten. Ohikoa tarte bat hautatzea da, zezenengandik ahalik eta hurbilen lasterka egiten saiatzea eta alde batera baztertzea. Pentsatu behar duzu saldoa hurbiltzen denean lasterkari eskarmentudunak, mugitzen dakitenak, lagun izanen dituzula. Orduan zezenengana hurbiltzen saiatuko zara eta zure “lasterketa” egin ondoren albo batera baztertuko zara, eragozpenik sortu gabe. Tona erdiko zezenak, adarrak labanak bezain zorrotzak dituztenak, zure ondotik pasatzen utziko dituzu.
4) Gogoan izan ez zaudela bakarrik
Zezenen aurrean lasterka egiteak sortzen duen arriskuari, litezkeen adarkada eta zapaltzeei (norbaitek ez badaki, zezen bat 600 kilo inguruko animalia da, kalte handia egiten duten adarrez hornitua) gehitu behar zaio ehundaka lagunek lasterka egiten dutela entzierroan. Hortaz, adi-adi egon behar da beste lasterkariekin estropezu ez egiteko edo haiek bota ez zaitzaten. Masifikazioa bereziki larria izaten da asteburuetan, orduan Iruñeko bestetara etortzen diren bisitarien kopurua bikoitzen baita.
5) Lasterka egitea erabaki baduzu, benetan egin
Erabaki bat hartu baino lehen, garbi eduki ezazu. Baina ez gelditu erdi ipurdi. Ibilbidean lasterka egin behar dutenak sartu behar dira soilik. Ibilbidean esperoan gelditzen bazara ate egokitik sartu izan gabe, kanporatuko zaituzte. Mozkorturik bazaude, kanporatuko zaituzte. Bizkar-zorrorik, kamerarik edo beste lasterkariak arriskuan paratzen ahal dituzten bestelako gauzarik eramaten baduzu, kanporatuko zaituzte. Polizia ez da ordu horietan txantxetan ibiltzen. Jakin beharrekoa: lasterketa bitartean ibilbide barruan ez da poliziarik egoten, baina agintea, zezenek gain, unaiek eta bere makilek izaten dute.
6) Animaliak iragarrezinak dira …. baita zu ere
Arrisku nagusia sei animaliak sorrarazten dute. Horregatik, zenbakiak, estatistikak, prestaketa edo ongi informatua egotea alde batera utzi behar dira, haien jokabidea ezin dugulako iragarri. Adibidez, ohikoa den arren, zezenek ez dute beti elkarrekin lasterka egiten; batzuetan bereizten dira, lasterketa korapilatsuago bihurtuz, edo itzuli egiten dira. Eta, argi eduki, entzierroan bizi diren estutasuna eta adrenalinak zuk egoera horretan aurreikusten zenuen bezala ez jokatzea eragiten ahal dizute.
7) Ezbeharren bat suertatzen ahal da
Estatistikaren arabera, arrisku faktorea baxua da, baina izan, bada. Batez beste egunero 1.900 lasterkari izaten dira eta, entzierro bakoitzean, zezen adarkadaz 0,9 zauritu izaten da, 4,14 gehiago traumatismoz (ospitalera eramatea behartzen dutenak) eta dezena batzuk gehiago zauri arinengatik artatuak. Hori bai, gogoan hartu: zezenengandik gero eta hurbilago bazaude, orduan eta arrisku gehiago izanen duzu.
8) …eta hil daiteke
Ez da ohikoena, baina entzierroan hil daiteke. Kontuan hartu lasterketari ekin baino lehen. Osotara, entzierroaren historia tragikoan 16 hildako izan dira, horietarik 5 1980tik aurrera. Datu berriago hauek kontuan hartzen baditugu, entzierro batean heriotza bat suertatzeko arrisku portzentajea %0,017koa da. Oso baxua, baina hor dago.
9) Lehendabiziko eta azken aldia
Erabaki bat hartzeko lagungarri suertatzen bazaizu, entzierroko lasterkarien %54k lasterka egiten dute lehendabiziko eta azken aldiz.