Ziztuan

Nuñez del Cuvillo ganadutegikoek entziero azkar-azkarra egin dute, lau lasterkarik traumatismoa izan dute

Argazkia: Maite H. Mateo

Sanferminetako azken entzierroa Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenek korritu dute, ziztu bizian korritu ere: 2 minutu eta 20 segundo baizik ez du iraun eta Iruñeko ospitaleetara lau korrikalari eraman dituzte, bertan traumatismoak eta zauri arinak arta ditzaten.

Aurtengoan ere, Sanferminetako azken entzierroaz baliatu nahi izan dute lasterkariek zezen-adarretatik gertu-gertu jarri eta korrika-saio ikusgarriak egiteko. Adardunek noblezia osoz jokatu dute eta arrisku-iturri bakarra piztien abiadura bizia izan da; denetan nabarmentzekoa, jakina, Santo Domingo bukaeratik saldoaren aitzinaldea hartu eta ibilbide osoa aurretik egin duen zezen beltza izan da.

Santo Domingo aldapan zezen-taldeak trinko eta azkar ekin dio bideari. Tarte hori bukatzean zezen beltz bat saldo-buru jarri eta, ororen aitzindari joan da ibilbide osoan. Gainerako bostak joaldunek babesturik zetozen eta txanpan sartu dira denak Udaletxeko plazan.

Gedroz eta alde handiagoa hartuz zihoan zezen beltza eta, noski, Mercaderes karrikako ukondoan zizpak hartuta sartu da, ezkerraldetik zihoazen bi lasterkari harrapatu dituelarik. Bihurgune horretan bertan lasterkari bat airetik iraulkatu du eta, saldoan, zalkiek bildurik zetozen bost zezenetatik hiruk Estafeta karrikaren hasierako ezker paretarekin jo eta hainbat korrikalari ez aitzin ez gibel gertatu dira, lurrean.

Estafeta karrikan, gaurkoan berriro ere, entzierrozale onek lasterka-saio politak egin ahal izan dituzte adarretatik hurren-hurren. Lasterkarietakoren bat harrapatu eta lurrera joan da, bai taldeburu zihoan lehen zezena, bai beste bostak biltzen zituzten joaldunak abiadura bizian baitzetozen. Ibilbidean ez zen aurreko egunetan bezainbeste korrikalari; gaurkoan lasterkariek izan duten eragozpen larriena, piztiek ezarritako erritmoari eustea izan da.

Bi minutu pasatxo zirenean iritsi da zezen beltza plazara —ia-ia marka hautsi du— eta gainerakoak handik segundo batzuetara heldu dira. Plazarako sarreran bertan lasterkari batzuk lurrean erorita zeuden eta hortxe egin du behaztopa zezen batek. Beharrik, zaleei erasotzeko imintziorik ez du egin eta, zutitzea pixka bat kostatu zaion arren, zezentokietaraino troskan abiatu da, bestelako arazorik sortarazi gabe.