2007ko Sanferminetako seigarren entzierroa, Marqués de Domecq ganadutegiko zezenak protagonista izan dituena, orain arte egin direnen artean beldur eta arrisku gehien eragin duen lasterketa izateaz gain, luzeena ere izan da (6:09). Zazpi lagunek jaso dituzte adarkadak eta beste sei Iruñeko ospitaletara eraman dituzte; hiru zaurituen pronostikoa oso larria da.
Adardun bat atzean gelditu da Santo Domingo aldaparen bukaeran eta bakarrik ibili da entzierroa amaitu arte; bidean hainbat korrikalari erasotu dituelarik. Zirrara une larrienak Estafeta karrikan bizi izan dira, seigarren zezenak kalearen erdialdeko etxe atari batean zegoen gazte bati sabelaldean adarra sartu dioenean. Ondoren airean erabili du, karrikaren erdialderaino eraman arte.
Tropela ziztu bizian atera da Santo Domingoko eskortatik eta aldaparen bukaeraraino elkarrekin joan da, ohiko legez, joaldunek gidatuta. Tartearen bukaeran zezen beltz batek irrist egin du eta atzean gelditu da. Bakarrik joan da lasterketa amaitu arte eta gaurko entzierroan bizi izan diren arrisku une larrienen protagonista izan da.
Udal plazan zezen saldoa luzatzen eta sakabanatzen hasi da gutxinaka eta atzean solte gelditu den zezenak eskuineko hesian zirenen kontra jo du lehenbizi eta ondoren, karrika gurutzatu, eta bestaldeko hesian zirenak adarkatzen saiatu da behin eta berriz.
Tropelak aurrera jarraitu du eta zenbait zezenek Mercaderesko bihurguneko egur hesiaren kontra tupust egin dute Estafetara abiatu baino lehen. Gaztain koloreko bosgarren zezenak segundo batzuk eman ditu bihurgunean erorita, ezin altxatuz, eta metro eskasetara seigarren zezena heldu da; etengabe atzera bueltatzen ibili da, inguruan zituen estimulu guztiei erreparatuz eta adarkatzeko keinuak eginez.
Zezen taldea sakabanatuta joan da Estafetan barna, aurretik lau zezen, joaldunekin batera, eta atzetik bi zezen solte; gaztain kolorekoa eta beltz bat. Korrikalariek tarte politak izan dituzte adarren artean lasterketa ikusgarriak egiteko eta arrisku une larrienak seigarren zezenarekin bizi izan dira.
Estafeta karrikaren erdialdean dramatismo une gorenenak bizi dira, azkeneko adardunak etxe atari baten ondoan zegoen gazte bati sabelaldean adarra sartu dioenean. Airean erabili du karrikaren erdiraino eraman arte. Estafeta osoan zehar azken zezen hau atzera bueltatu da hainbat aldiz, adarkatzeko keinu etengabeak egin ditu eta lasterkariren bat gehiago airean erabili du. Tentsioa ikaragarria izan da, baina ohiko korrikalari eta dobladoreei esker, zezenak esfortzu handiarekin jarraitu du bere bidea, baina etengabe atzera begiratuz.
Telefónicako tartean gaztain koloreko zezenak eskuinean ziren gazteak aurretik eraman ditu eta seigarrena, ibilbide osoan zehar izualdiak eragin dituena, eskuineko egur hesian zirenengana joan da.
Tropela taldeka sartu da plazan; lehenbizi zezen beltz bat joaldunekin batera, beste lau adardun metro gutxietara, eta bukaeran, ibilbide ia guztia solte egin eta gaurko entzierro zirraragarri honen protagonista izan den “Universal” zezen beltza.