2007ko Sanferminetako hirugarren entzierroa, Fuente Ymbro ganadutegiko zezenekin, ikusgarria eta oso garbia izan da, izan ere zazpi lagun zauritu dira, baina horietako inor adarkadaz. Lasterketa azkarra izan da, 2:46, eta arrisku une larriena Mercaderesko bihurgunean bizi izan da; 5 zezen bortizki tupust egin dute egur hesiaren kontra eta eskuinaldean, Estafetaren hasieran, giza meta txiki bat sortu da. Zorionez zezenek zintzo jokatu dute eta lurrean ziren lasterkariei erreparatu gabe euren bidea jarraitu dute Estafetan gora, inongo keinurik egin gabe.
Tropela abiadura bizian irten da Santo Domingoko eskortatik eta elkarrekin abiatu da aldapan gora, joaldunek uneoro babestuta. Ez zegoen horrenbesteko jendetza, baina korrikalariak han eta hemen erori dira tarte osoan zehar.
Aldaparen bukaeran, ezkerraldean ziren zenbait lagun lurrera erori dira, baina saldoa arrapaladan pasa da eta ez die kasurik egin.
Joaldunek gidatu dute tropela udal plazan eta baita Mercaderes ia guztian, baina bihurgunera iritsi baino lehen, zezen zurixka aurreratu egin da eta bortizki talka egin du ezkerreko egur hesiaren kontra. Atzetik etortzen ziren beste lau zezenek ere hesiaren kontra jo dute eta lurrera erori, baina segituan altxatu dira. Eskuinaldean, karrikaren erdian, hainbat lasterkari erori dira, baina zezenek zintzoki jokatu eta bere bideari ekin diote Estafetarantz. Saldoaren atzealdean ziren joaldunak lurrean ziren korrikalarien gainetik pasa dira, baina, antza denez, zauritu larririk ez da izan.
Estafeta arte elkarrekin joan den tropela luzatzen joan da gutxinaka, hasieran lau joaldun eta bi zezen joaten zirelarik eta atzetik beste lau zezen. Ibilbidean jende gutxiago zegoenez, lasterketa benetan ikusgarriak ikusi ahal izan dira animalien adarren tartean. Tarte honetan ere lasterkari anitz lurrera erori da entzierroaren abiadurarengatik eta horietako bat, saldoaren atzealdean joaten zen azkeneko zezenak irrist egitea eragin du. Adardun hau solte gelditu da, baina ez du arrisku une larririk sortu.
Tropela sakabanatuta heldu da kailejoiaren sarrerara, aurretik lau joaldun eta bi zezen, ondoren beste hiru zezen eta atzean azken adardun beltz hori bakarrik joaten zelarik. Orden horretan sartu dira plazara eta dobladoreen laguntzaz zezendegira sartzen joan dira. Plazan bertan, gazte batek zezen bat toriletara gidatzen saiatzen ari zen dobladore baten kontra egin du tupust, baina zorionez susto bat besteri kez da izan.