Arriskutsua, baina adarkaturik ez

Iruñeko ospitaletara hamairu lagun eraman dituzte, inor ez zezen adarrak harrapatuta

Argazkia: Mikel Lasa
Sanfermin 2008 jaietako lehen entzierroan Conde de la Corte-ko ganadutegiko zezenak izan dira protagonista, 4 minutu eta 20 segundo iraun duen lasterketa eginik. Iruñeko ospitaletara hamairu lagun eraman dituzte, inor ez zezen adarrak harrapatuta. Azken adardunak, atzean geratu delarik, Telefonica aldean une arriskutsuak probokatu ditu, behin eta berriro atzera itzuliz eta lasterkariei oldartzeko keinuak eginez. Lasterketa hasi aitzin, Santo Domingoko lasterkariek omenaldia egin diote duela gutxi Himalaian hil zen Iñaki Ochoa de Olza mendigoizaleari.

Zezen taldea Santo Domingoko ukuilutik motel irten bada ere, handik aurrera abiada handian egin du aurre, tartetxo baten bila zebiltzan lasterkari ugariek babesturik. Bideune horretan, ohikoa den bezala, ezker-eskuinetara erorikoak baizik ez dira egokitu baina karrika buruan zezenetako batek mutil bat bortizki harrapatu du.

Udaletxeko plazatik abiada bizian igaro dira zezenak eta, Mercaderes karrikan sartzean, atzeneko hiru adardunek labain egin eta eskuinaldean zeuden lasterkarien kontra oldartu dira. Arrisku biziko uneak izan dira, tartetxo horretan geldirik zeuden lagunen kontra oldartzeko imintzioa egin baitute zezenek.

Zezen taldea sakabanaturik, lau zezen jarri dira buruan Estafeta karrikan, beste bi Mercaderesen geratu direlarik. Estafetako lasterketak ikusgarriak izan dira, saldoa pixkanaka luzatzeari esker, lasterkariak adarretatik gertu-gertu ibili ahal izan direlako.

Saldoaren atzealdeko bi zezenek arrisku larria sortarazi dute eta bietako batek, solte zelarik, behin eta birritan egin baitu atzera Telefonicako tartean. Unaiek lanean arduraz jardunik, mutikoek zezena pixkanaka gobernatu eta zezen plazan sartu dute, gorabehera askorik gabe.

Hondarretan, talde buruan zihoazen lau adardunak zezentokietan sartu dira baina atzealdeko biak plazan barrena ibili dira eta, horietako batek, pertsona bat bitan harrapatu eta ia-ia adarra sartu dio. Atzeneko zezen horiek mantso ibiltzeak gaurko lasterketaren iraupena dezente luzatu du: lau minutu eta hogei segundo.