Argazkia: Miguel Hernández
Sanfermin 2011 jaietako zortzigarren entzierroak, aurtengo azkenak, Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenak izan ditu protagonista. Seigarrenez bisitatu dute Iruñea eta oso lasterketa bizkorra (2:20) eta garbia egin dute. Zezenek oso zintzo jokatu dute, ez dute ia inolako eraso-keinurik egin eta lasterketarik ikusgarrienak Estafetan egin dituzte. Bertan, zezenek aurrea hartu diete joaldunei.
Idiek zezen-saldoa inguratu eta gidatu dute Estafeta kalearen hasieraraino, eta, tarte horretan, taldea luzatuz joan da, koloredun zezen batek eta zezen beltz batek aurrea hartu dute eta lasterkariek korrika egiteko aukera izan dute. Metro gutxi batzuen ondoren, koloredun zezena anaiak gidatzen hasi da eta oso lasterketa politez gozatzeko aukera egon da, lasterkariek adarretatik oso hurbil egin baitute korrika.
Zezen beltz batek irrist egin du Mercaderesen sartzean, baina berehala zutitu da eta jarraitu du korrika bere anaiekin, eraso-keinurik egin gabe eta une arriskutsurik eragin gabe.
Estafeta kalean izan dute lasterkariek 2011ko Sanferminetan beren trebezia erakusteko azken aukera eta oso lasterketa ikusgarriak egin dituzte bertan.
Zezenak bata bestearen atzetik sartu dira, baina taldeka, zezen-plazara: lehenbizi koloreduna, ondoren beste hiru eta joaldun batzuk, eta atzetik zihoazen bi zezenak banandurik sartu dira. Ibilbidea 2:20an egin dute.