Argazkia: Manuel Jorge Pérez
Sanferminetako seigarren entzierroa El Pilar ganadutegiko zezenek korritu dute, Iruñeko entzierroetan aurten bigarren aldiz. Gaurkoa izan da aurtengo lasterketa azkarrena eta entzierroen historiako bosgarrena, bi minutu eta hamalau segundo baizik ez duelako iraun. Adardun batek saldoari aurre hartu eta ibilbidearen tarte handi bat berak bakarrik egin du, gainerako zezenak baino metro batzuk aitzinago. Ibilbide osoan gaur ere erori dira lasterkari aunitz eta, horietako batzuek, adardunek harrapatu, lurrera bota eta zapaldu egin dituzte. Atzo bezala, zailtasunak izan dituzte lasterkariek adarretara hurbiltzeko, saldoaren abiada biziarengatik. Entzierroan adarkada nozitu du lasterkari batek Estafetan eta beste bi gazte nafar hiriburuko ospitaleetara zauriak artatzera eraman behar izan dituzte.
Zezen-taldeak trinko eta bizi-bizi abiatu eta horrelaxe iritsi da Santo Domingo aldapa muturreraino; hortxe, El Pilar firmadun zezen gorrietako batek aurrea hartu eta saldoa Estafeta bukaeraraino ekarri du. Piztiek berriro ere abiadura handian egin dute bidea eta azkartasun horrek galarazi die lasterkariei adarretara gerturatzea, gaur ere ibilbide osoan korrika-saio politak ikusi badira ere.
Saldo-buru zihoan zezen gorriak Udaletxeko plaza ziztu batean zeharkatu ondoren, Mercaderes karrikako bihurgunea eskuinetik hartu du, lasterkariak harrituz. Hesiaren kontra talka egin, erori eta, zorionez, berehala zutitu da, lehenagoko abiadurarekin jarraitzeko.
Estafeta karrikaren hastapenean lasterkari batzuk erori dira gainerako zezenak igaro behar ziren garaian baina, gaitz erdi, lurrean zeutzanen kontra oldartzeko imintziorik ez dute egin piztiek. Dena dela, gune horretan erorketa aunitz gertatu direnez, lasterkari ugari harrapatu dituzte zezenek, baina adarkadarik egin gabe. Estafeta karrikan zezen-taldea bitan banatu da: saldo-buru zihoan zezen gorria eta berarekin elkartu den senide beltza, batetik, eta gainerako adardunak, joaldunek bildurik, gibelean. Karrika hasieran zezen gorriak lasterkariari adarkada egin dio besoan eta, zorionez, horixe da gaurko entzierroan adar-zauria nozitu duen lagun bakarra.
Karrika bukaeran, zezen gorria eta beltza elkarrekin zihoazela, gorria labaindu eta saldoak atzitu du, berriro ere. Piztia beltzak, ordea, bakarrik egin du aitzina, abiada handian, eta plazan bakar-bakarrik sartu da baina, hondarra zapaltzean lerratu, zerraldo erori eta ahalegin handiak egin behar izan ditu, atzera zutitzeko. Gainerako senideak handik metro gutxitara zetozenez, oldartu edo adarkada-imintziorik egin gabe zezen-tokietan sartu dira, banan-banan, entzierroen historiako bosgarren lasterketa azkarrena betetakoan.