2007ko sanferminetako lehenengo entzierroa, Sevillako Dolores Aguirre ganadutegiko zezenekin, azkeneko urteetako lasterketarik jendetsuenetako bat izan da eta hori dela eta 5 minutu beranduago hasi da. Zezen saldoa sakabanatuta joan da eta animaliak behin eta berriz erori dira ibilbide osoan zehar, zorua gaizki samar zegoelako. Pertsona bat adarkadaz zauritu da eta beste hiru Iruñeko ospitaletara eraman dituzte zauri arinekin. Lasterketak 2:40 segundoko iraupena izan du.
Saldoa joaldunek babestuta atera da Santo Domingoko eskortatik eta aldapa hasi eta metro eskasetara zenbait zezenek estropezu egin eta lurrera erori dira, eskuinaldeko hesian ziren hainbat korrikalariren kontra talka eginez. HOrtxe berean zegoen lasterkari bat zezenen artean harrapatuta gelditu da eta azkeneko zezenak adarra sartu dio ausarki. Gaurko entzierroan adarkadaz zauritu den lagun bakarra da eta, antza denez, australiarra omen da. Joaldunak saldo buru izan dira tarte honetan eta atzetik, metro eskasetara joaten ziren zezenak karrikako alde bietara begiratzen joan dira, baina arrisku une larriak sortu gabe.
Udal plazan zezen saldoa sakabanatzen joan da, nahiz eta oraindik ere joaldunak aitzinetik joan diren. Adardun taldea abiadura handian pasa da, bai Udal plaza beretik eta baita Mercaderes karrikatik, eta oso zaila egin da ibilbide osoan zehar egon den horrenbesteko jendetzaren artean animaliak ikustea. Azkeneko zezenak karrikako bi aldeetara begiratzen jarraitu du, baina zorionez ez da arrisku une larririk bizi.
Zezen taldea Mercaderesko bihurgunetik estropezu egin gabe eta kasik ezkerreko hesiaren kontra jo gabe pasa da. Une honetantxe hasi da saldoa sakabanatzen, bi zezen aitzinetik eta beste lau metro batzuetara, baina nahiko elkartuta lasterketaren bukaeraraino. Estafeta, jendez lepo zegoen arren, lasterketa ikusgarrienak erakutsi dituen tartea izan da. Halere, korrikalariek arazo handiak izan dituzte adarren artean tokia hartzeko.
Aurretik joaten ziren bi zezenak arrapaladan pasa dira Telefónicako tartetik, joaldunak atzetik joaten zirelarik eta metro eskasetara lau adardun; azken hauek nahiko elkartuta, baina banan banan sartu direnak kailejoian eta zezen plazan. Artzainak arduratu dira zezenak zezendegira eramaten, saldoaren atzetik plazan sartu den jendetzarekin ezustekoak ekiditeko.