Argazkia: Mikel Lasa
Aurtengo sanferminetako laugarren entzierroa Dolores Aguirre ganadutegikoek korritu dute. Lasterketari ekin aurretik iazko uztailaren 10ean zezen-plazarako jaitsierako hesian adarkaturik hil zen Daniel Jimeno gazte madrildarraren oroimenezko ekitalditxoa izan da.
Gaurko entzierroa azkar, gorabeheratsu eta arriskutsua izan da, Santo Domingon bertan hasi baita zezen-saldoa luzatzen eta ibilbidearen gainerakoa sakabanaturik egin du. Asteburua izaki, ibilbidea lasterkariz josita agertu da, ohi den bezala, baina, halaz ere, adardunak ziztu bizian egin dute 900 metroko bidea: 2 minutu eta 53 segundo baizik ez dute eman. Lasterkariek eta zezenek estropezu, lerratze eta erorketa ugari nozitu dituzte gaurko ibilbide osoan. Adarkadaz inor ez da zauriturik gertatu, zorionez, baina lau lagun ospitaletan sartu dituzte, aldez edo moldezko traumatismoekin.
Ohikoa izaten denaz beste aldera, zezen-saldoa irteeratik bertatik hasi da sakabanatzen eta, Santo Domingoko ukuiluetatik atera bezain laster adardun bat une batez gelditu eta beste baten kontra oldartu da. Ordurako joaldunak aitzinean zirenez, zezenak gibelean etorri dira bide osoan, geroz eta barreiatuagorik.
Udaletxe plaza eta Mercaderes aldean zezenak joaldunek gidatu dituzte: berta-bertan lau zezen beltz eta atzexeago beste biak. Korrikalariak eta adardunak erori dira eta, bidea lasterkariz lepo zegoenez, adarretatik gertu-gertu korritzea ez da bat ere erraza gertatu gaur.
Estafeta karrikan saldoa luzatuz joan da, joaldunak taldeburu. Alde horretan zerbait gehixeago egin ahal izan dute gaur lasterkariek baina adarretatik hurbil ibiltzeko aukera zaildu da eta, areago, horretan saiatzean, korrikalari asko-asko lerratu eta lurrera erori dira karrika osoan.
Estafetan gora abiada bizian eginik, zezen-plazan arras sakabanaturik sartu dira adardunak. Plaza jendez josita bazegoen ere, zezenak eta joaldunak pixkaka-pixkaka sartu dira, oldartzeko imintziorik kasik egin gabe. Horrela, beste gorabehera nabarmenik gabe heldu dira denak helmugara.