Argazkia: Luis Azanza
Medina Sidoniako (Cadiz) Cebada Gago ganadutegiko zezenak izan dira Sanferminetako bigarren entzierroaren protagonistak; lasterketa arriskutsua izan da, eta “Esquillo” izeneko zezen marroia atzean gelditu da Mercaderesko tartearen hasieran erori denean, eta bakarrik egin du lasterketaren azken zatia.
Taldeko gainerako zezenak Estafeta kalean luzatuz joan dira eta bi taldetan egin dute korrika plazako zezentokietaraino, lasterkariei eraso egiteko keinu handirik egin gabe.
Unerik arriskutsuenak Santo Domingo bukaeran eta zezen plazan gertatu dira. Santo Domingo aldaparen amaieran zezenek korrikalari bat zapaldu dute, eta zezen plazan, berriz, gazte batek azken zezen marroia zirikatu du, zezenak eraso egin dio eta, dirudienez, adarkada bat jo dio.
Zazpi pertsona eraman dituzte Iruñeko ospitaleetara, eta soilik bik jaso dute adarkada, larriena zezen plazako gazte australiarra.