Arriskua kailejoiaren sarreran

2007ko Sanferminetako bosgarren entzierroa, Jandilla ganadutegiko zezenekin, oso azkarra izan da (3:00) eta bi arrisku une garbiak izan ditu: lehenengoa, gaztain koloreko zezen bat Mercaderes hasieran eskuineko paretan ziren lasterkarien kontra jo duenean eta, bestea, kailejoira doan jaitsieran. Zezen xuriska bat atzean gelditu da Estafeta karrikaren bukaeran eta plazaruntz zihoala, kailejoira iritsi baino lehenago, eskuinaldean dagoen egur hesian ziren korrikalariak erasotu ditu. Segundo batzuk beranduago gazte bat harrapatu du bere hanken artean eta adarkatzen saiatu den arren, ezin izan du. Tropelak abiadura bizian egin du ibilbide guztia eta erorketak izan dira tarte guztietan. Zorionez, pertsona bakarrak jaso du adarkada eta beste hiruk zauri arinekin ospitaleratu dituzte.

Jandilla ganadutegiko zezenak elkarrekin eta joaldunek babestuta joan dira Santo Domingoko aldapan zehar. Karrika honetan eta gainontzekoetan erorketak izan dira saldoaren abiadura dela eta.

Udal plazaren hasieran gaztain koloreko zezen bat saldoaren aitzinean jarri da eta metro batzuk aurrerago, Mercaderes hasieran, eskuinaldeko paretan ziren gazteak erasotu ditu. Antza denez, zezen hauxe izan da gaurko entzierroko adarkada eman duena.

Tropela ziztu bizian pasa da Mercaderestik eta adardun bakarrak egin du arinki irrist bihurgunean.

Estafetako tartean zezen beltz bat hasi da saldoa gidatzen, joaldunen laguntzaz, eta haren anaiak atzetik joan dira txintxo txintxo. Zenbait lasterkari adarretatik zentimetro eskasetara jarri ahal izan dira y lasterketa benetan ikusgarria egin dituzte. Halere, zaila izan da adarren artean tokia aurkitzea, izan ere tropela oso elkartua joan baita karrikan barna.
Estafetaren bukaeran lurrean erorita zeuden gazte batzuk, atzetik zezen baten adarretara pegatuta zihoan lasterkari baten erorketa eragin dute eta zezen xuriska ere lurrera joan da. Hori dela eta zezen hau bakarrik gelditu da eta arrisku une larriak sortu ditu kailejoira doan aldapatxoan; eskuineko egur hesian ziren korrikalariak erasotu ditu behin eta berriz eta, ondoren, hanken artean gatibatu du lasterkari bat. Adarkatzen saiatu da, baina ezin izan duenez, zapaldu egin du libre gelditu den arte.

Tropela arrapaladan sartu da zezen plazan: zezen beltz bat aurretik joaldunekin batera, beste hiru adardun ondotik, bosgarren zezena metro eskasetara eta, azkenik, atzean gelditu den zezen xuriska. Plazan sartu den bosgarren zezenak kailejoitik metro gutxira lurrean zegoen gazte bat harrapatzeko keinua egin du, baina azkenean sustoa besterik ez da izan eta zezendegira abiatu da.