Heldu den ekainaren 23an, ostirala, Kukuxumusuk Urteko Giriaren III. Saria emanen du Storviken. Sari horren bidez, enpresak Iruñeko festa ezagunei loturiko pertsonaiaren baten sanferminzaletasun handia aitortu nahi du. Oraingo honetan, Lars Ingvar Jungefors suediarra izanen da sariduna. Lars Los Suecos peñako kidea da eta 35 urte baino gehiago daramatza Iruñera etortzen Sanferminetan.
Saria Kukuxumusu enpresako Mikel Urmeneta sortzaile eta sormen zuzendariak emanen du. Xabier Ariztegi aizkolari nafarrak enbor batzuk moztuko ditu ekitaldian. Horrela, omenaldi txiki bat egin nahi zaio saridunari, Wetterlings aizkora enpresako (Suediako enpresa antzinakoenetako bat) kudeatzaile izan baitzen urte askotan. Saria eman eta gero, afaria eginen da Los Suecos peñako kide gehienekin, gain-gainean ditugun Sanferminen aurrerapen moduan. Lars Ingvar Jungefors, Los Suecos peñako kidea, ekitaldiaren protagonista nagusia izanen da.
Saria jasoko duen hirugarren pertsona izanen da. Izan ere, 2004. urtean, Sidneyn (Australia) bizi den Carmen Margarita Alicea puertoricoarrak eta, 2005ean, New Yorkeko Lore Monningek jaso zuten saria. Kukuxumusuk saridunaren “sanferminzaletasuna” aitortu nahi izan du eta, bidenabar, omenaldi egin nahi die bere izenean “Sanferminetara etortzen urte mordo bat daramaten suediar guztiei”. Mikel Urmenetaren hitzetan “2001eko sanferminetan ezagutu nuen Lars Ingvar, kasualitatez, Zaldiko erretegian. Ni egiten ari nintzena egiten ari zen bera: txuleta jan eta ardoa edan.
Lagun egin ginen; nik kamiseta batzuk bidali nizkion, eta berak, aizkora bat. Kasualitatez topatu eta ezagutu nuelako, festak oso maite dituelako, 35 urte jarraian etortzen daramatzalako eta Los Suecos peña ospetsuaren kide delako erabaki genuen saria berari ematea. Izan ere, gauza bakarra egin nahi dugu Urteko Giria sariaren bidez, sanferminetara etortzen diren atzerritarrei eskerrak ematea, alegia, haiei esker baitira festak handiagoak, interesgarriagoak eta unibertsalagoak”.
Urteko Giria saria Kukuxumusuk sortu zuen 2004an; hala ere, Iruñeko enpresak hamar urte daramatza urtero sanferminetan atzerriko bisitariei omenaldia egiteko ospakizuna antolatzen –Giri Day izenekoa . Aurten, uztailaren 8an ospatuko da “Guiri Day” delakoa. Bazkari bat eginen da, eta aurtengo saridunak (Lars Ingvar Jungefors), aurreko edizioetako saridunek, Los Suecos peñako ordezkari batzuek eta Mikel Urmenetak zein Kukuxumusu Marrazki Fabrikako beste ordezkari batzuek parte hartuko dute.