Iruñean lasterka zuriz egitearen edo ibilbidera sartzeko kobratzearen komenigarritasunaz eztabaidatzen den bitartean, entzierroari buruzko eztabaida oso bestelakoa da nazioartean. Steve Hawkes-ek The Telegraph egunkari ingelesean plazaraturiko artikulu baten bitartez jakin ahal izan dugunez, Thomas Cook nazioarteko bidaia agentziak bertan behera utzi ditu Iruñeko entzierroarekin eta sanferminekin erlazionaturiko bere sustapen eta marketin kanpainak, PETA zezenketen aurkako taldearen presioa dela eta. Erakunde horrek Erresuma Batuan duen ordezkaritzak baieztatu egin du berria, baina erredakzio hau Thomas Cook agentziarekin harremanetan jarri da eta oraindik ez dugu hori horrela den baieztapen ofizialik jaso, nahiz eta gaur The Telegraphen lana eta PETAren komunikatua direla-eta erreakzionatu duten egunkari ingelesek ziurtzat jo duten. Gainera, First Festival Travel-ek 2014ko urtarriletik aurrera gauza bera eginen duela ziurtatu du Petak. Ekintza horiek gehitzen zaizkio orain dela bi urte Pepsik Zeelanda Berrian abian zuen kanpaina bat eta Estatu Batuetan lehiaketa batzuk, saria Iruñerako bidaia zutela, bertan behera utzarazi zituzten antzeko ekintzen kanpainari.
Thomas Cook bidaia agentzia familia turismoaren sari britainiarraz golardatu zuten 2012an eta munduko handienetako bat da Internet bidezko erreserbei dagokienez. Oraindik ez dute bere web orrialdean duela urtebete zuten Iruñeari buruzko informazioa aldatu, non entzierroa irudien protagonista nagusia ez baita, baina barne bilatzailetik running of the bulls-en edo sanferminen aipamenak kendu bai, egin dute.