Jean-Pierre Gonnord frantziarra izanen da Urteko Giria saria, Kukuxumusuk sanferminen zale amorratuak diren atzerritarrei horren aitorpena egiteko 2004az geroztik ematen duen golardoa, jasoko duen hamabigarren laguna.
Mikel Urmenetak eta Koldo Aiestaranek, Kukuxumusu ordezkatuz, eman dute saria. Juan Mari Idoate Europa jatetxekoa izan dute lagun, han izan baita ekitaldia. Saria Giria Egunaren ospakizunarekin bat eginez eman da, hots, Kukuxumusuk, 18 urtez, Sanferminetara etortzen diren atzerritar guztiak omentzea helburu antolatzen duen egunarekin bat.
Saria hartu ondoren, Gonnordek Sanfermin 2015eko giri gisa egin ditu lehen adierazpenak: “Urtero sanferminetara etortzeko gehien motibatzen nauena da giroa, denok berdinak garela, denok zuriz eta gorriz jantzirik egotearen sentsazioa”. Gainera, Jean Pierrek aipatu du oso pozik dagoela urteko giria izatearekin. “Aurten festa beste modu batez ikusiko dut, adituen begiradarekin, alegia”.
35 urte dituela, Jean Pierre ederki mintzatzen da gaztelaniaz, eta euskaraz ere defendatzen da. Master bat egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta orduz geroztik Iruñearekin oso loturik dago. Sanferminekin duen harremana aspaldikoa da bere aitonak euskal jatorria zuelako eta, bai bera bai bere ama festetara etortzen ohi zirelako.
Sanferminak norbaiti zer diren nola azalduko liokeen galdetuta, oso garbi du: “Oso festa handia da, oso librea. Bertan gutxieneko arau batzuk badira, zuriz jantzita egon behar duzu eta lagunekin ez bazabiltza ere, eginen dituzu. Hori bai, gauez hotz egiten ahal du”. Ez du inoiz entzierroan lasterka egin. “Gau osoa aguantatzea dut gustuko eta gero taberna batera joatea tortilla, zukua … gosaltzera eta entzierroa telebistan ikustera”.
Saria eman ondoren, bertaratutakoek aperitibo bat hartu dute Europa jatetxean eta gero Iruñetik hurbil dagoen finka batera joan dira bazkaltzera Kukuxumusu enpresako ordezkaritza batekin.
Bertaratutakoen artean aurreko urteetako saritu batzuk egon dira, hala nola Lore Monnig (2005), John Hemingway (2011) eta Catherine Donnell (2012) iparamerikarrak, Lars Ingvar Jungefors suediarra (2006), Manfred Walloschke alemana (2007), Frank Taylor britaniarra (2009) eta Anna Nelubova errusiarra (2014).