¿Era San Fermín escocés? (I)

Thomas Dempster historialari eskoziarraren arabera, San Fermin eskoziarra zen. Thomas Dempster-ek (1579-8-3/1625-9-6)  baieztapen hori argudiatu du “Historia Eclesiástica de Escocia” (Eskoziako Historia Eklesiastikoa) izeneko obran, (6. liburua, 522. kapitulua eta 8. liburua, 643. kapitulua). Bertan dio San Fermin lurralde horretan sortu zela. Han Honorato deituriko presbitero batek hezi eta San Honesto Tolosako apezpikuarengana igorri zuen eskolatua izan zedin. Hortaz, Dempster-en arabera, San Fermin eskoziarra da. Sainduaren kapa kilt batez ordeztu dezagun.

firminus_sf_01_dexter

San Honestoren kapituluan, Dempster-ek aipatzen du hura izan zela San Ferminen konfesore eta tutorea, eta San Fermin eliza eskoziarrean bere gaitasunengatik gailendu zela. Ez dakigu zergatik zuen Thomas Dempster-ek San Ferminekiko obsesioa, baina egile horren bizitzan sainduaren bizitza erakargarri egin zuten toki komunekin bada zenbait harreman. Dempster-ek, Cambridgen eta Parisen ikasketak egin ondoren Nafarroako Ikastetxean, Parisko Unibertsitateko ospetsuenetakoan, eman zituen eskolak. Ikastetxea Nafarroako Joana I. erreginak sortu zuen. Horretaz gain, Dempster-ek Tolosan eta Nimesen ere eskolak eman zituen eta Espainian bizi izan zen bolada batean.

firminus_sf_02_dexter

Thomas Dempster-ek  aipatutako obra Bolonian idatzi zuen, bizitzaren azkeneko urteetan, eta hura hil ondoren argitaratu zen. “Historia Ecclesiastica Gentis Scotorum” 1627an argitaratu zen eta, berriro Irving doktoreak 1829an editatu zuen. Bertan, Dempster-ek adierazi du bere bertsioa berresten duten bestelako iturriak badirela, hala nola Edmundus Campianus eta Gulielmus Camdenus-en testu batzuk. Entziklopedia Britainiarrak eta Eskoziako Entziklopedia Elektronikoak diote Dempster-ek aipaturiko iturrien egiazkotasuna oso eztabaidagarria dela; are, aipuak helburu horretarako espresuki fabrikatu zirela. Orduan, agian, San Fermin ez zen eskoziarra. Gainera, kontuan hartu behar da istorio honek bat egiten duela frogaturiko egintza erreal batzuekin, bertsioari sinesgarritasuna ematen omen diotenak. Heldu den astelehenean, istorio honen bukaera post honen bigarren zatian.