Gaur Sanferminetako istorio ezberdina eta atsegina kontatu behar dizuegu. Haren protagonistak Iruñean paratu ziren animalien tratu txarren aurkako bi kartel dira. Ziur aski, erasoak jasaten ahal zituzten mezuarengatik baina, halere, istorioa erabat ezberdina izan zen. Dena hasi zen “EZJAKINTASUNAREN AURKAKO KANPAINAren” abiatzearekin, zeinetan Actyma elkarteak eta Giza Duintasunaren Alderdiak (PDH) erabaki baitzuten animalien aldeko mezua zabaltzea Iruñean eta zezen-ekitaldi inportanteak egiten diren beste zenbait hiritan.
Hautaturiko euskarria Mupiak izan ziren (gaueko argitasun teknologia erabiltzen duten hiriko publizitate euskarriak), eta Iruñean hiriko autobusetako bi geltokitan paratu ziren. Impursa publizitate euskarri horien kudeaketaz arduratzen zen enpresak, iragarkien edukia zela kausa, Actyma eta PDH behartu zituen estaldura bereziko asegurua kontratatzera kartelen aurka izan litekeen ekintza basatirengatik. Kartel horiek benetako zezenen zezenketetako irudi indartsuak zituzten eta, bertan, bistan da, animalia sufritzen ari da. Iragarkiaren mezu nagusia zen …. Izugarrikeria hau justifika daiteke? Bandera espainiarra zeukan hondo baten gainean, ingelesera ere itzulita zegoen. Kartelaren beheko zatian, Actymak eta PDHk mezua sinatu zuten eta harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat eskaintzen zituzten.
Are, publizitate-enpresak ere kartelen aurkako ekintzak aurreikusi zituen, baina, alde batetik baiezta dezakegu Iruñean egon ziren bitartean kartel horiek ez zutela kalte larririk pairatu, eta, bestetik, Actymak kontatu zigun kartelean zegoen zenbakiaren bitartez haiekin harremanetan jarri ziren pertsonen erreakzioa. Elkarte horretan erran digutenaren arabera, zenbait auzotar, euren ekimenez, listuak eta eranskailuak kendu eta garbitzeaz arduratu ziren, kanpainak iraun zuen 8 hilabetetan zehar. Actymak sostengu dei aunitz hartu zituen eta, aldika, auzotar horiek gorabehera txiki horien berri eman zioten. Gertaera horrek antolatzaileak animatu ditu eta, dagoeneko, 2014rako kanpaina prestatzen ari dira. Kanpainak , berriro ere, Iruñea, Logroño, Benidorm eta kartela lehenago hartu zuten beste hiri batzuk izanen ditu helmuga.
Actyma elkartea animalien eskubideen alde ari da lanean, hainbat ekintzaren bitartez: indarkeriaren salaketa, tratu txarren egileen aurkako legezko ekintzak hastea, besteak beste. Horrez gain, animalia-bizitzaren aurkako justiziarik gabeko legeen aldaketa sustatzen du. Ezaugarrietako bat dute auziak Administrazioarekiko Auzien Epaitegietara eramaten dituztela indarreko araudia bete dadin eta hori onuragarria suerta dakien animaliei. Berriki, Actymak Iruñeko Udala salatu du entzierroaren araudia ez betetzeagatik, 2013ko uztailaren 13ko mukurua gertatu ondoan erregistraturiko begien bistako gauzak ikusita, Sanfermin.com-en irakurtzen ahal izan zen bezala.