Lore Monnig, premio Guiri del Año de Sanfermin 2005.

Loe Monnig, Urteko Giriaren saria 2005

Lore Monnig estatubatuarrak “Urteko Giriaren II. saria” jaso zuen atzo New Yorken, Kukuxumusuk atzerriko pertsonaiaren baten sanferminzaletasuna aintzat hartzeko emandako saria. Mikel Urmenetak, etxearen sortzaile eta sormen zuzendariak, banatu zuen, sanferminetako arropa tipikoarekin jantzitako berrogeita hamar pertsona inguru elkartu zituen gala batean.

Txupinazoa botatzeko bi aste falta direnean, New Yorkeko sanferminzaleak zuri gorriz jantzi ziren hiriko Zezenzaleen Elkarteak urtero antolatzen duen “Iruñea Gala” ospatzeko. Aurten, Kukuxumusuk ekitaldia aprobetxatu zuen Lore Monnig anfitrioiari omenaldia egiteko. Mikel Urmenetak eman zion saria, hots, berak eta bere laguntzaile taldeak diseinaturiko munduko mapa adarduna. Kukuxumusuren sortzaile eta sormen zuzendariak hauxe nabarmendu zuen saritutakoari buruz: “sanferminzale handia da duela 30 urtetik gora, eta aitzindari izan da Estatu Batuetan festa bultzatzen”. Gainera, umore handiz gianeratu zuen: “guztiok dakigunez, Kukuxumusu beti egonen da atzerritarren, zezenen eta ardoaren alde”.

Lore Monnigek Kukuxumusuk egindako omenaldia eskertu eta “Iruñearekin maitemindurik” dagoela onartu zuen. Gainera, esan zuen, “zezenketak ulertzeko, lehendabizi entzierroa zer den ulertu behar da, gauza ederra da hori”. Kukuxumusuri buruz adierazi zuen marka dibertigarria dela, originala eta heterodoxoa denez festaren alde egiten duela eta guztiek ezagutzen dutela; “honezkero ezin da festa Kukuxumusu gabe ulertu”. Saria eman ondoren, afaria egin zuten. Hauxe hartu uzten: entsalada, potxak eta zezen isatsa, guztia Nafarroako ardo eta patxaranarekin bustirik. Gainera, entzierroari buruzko zenbait dokumental eman zituzten eta bertaratuek hurbil hurbil ditugun sanfermin festei buruz mintzatzeko aukera izan zuten.

Aurten, New Yorkeko zezenzaleen elkarteko hogei bazkide inguru etorriko zaizkigu festetara. Lore Monnig bigarren pertsona izan da “Urteko Giriaren Saria” jasotzen; 2004. urtean Carmen Margarita Alicea Puerto Ricokoak jaso zuen. Sariaren helburua da, Mikel Urmenetaren esanetan, “giri” kontzeptu txarra aldatzea eta zentzu positiboa ematea. Izan ere, Kukuxumusuk, kamiseten diseinuei esker ezagun den etxeak, bederatzi urte daramatza sanferminetan “Giri Day” eguna ospatzen. Atzerritarrei omenaldia egiteko eguna izaten da, eta festaren baitan betetzen duten irudia aintzat hartzea du helburu.