© Miguel Goñi. Sanfermin.com

Bidaia aholkuak

Jarraitu gure aholkuei sanferminetara etortzeko zure esperientzia hobea izatea nahi baduzu. Hotel batera, alokaturiko logela batera edo motxiladun gisa etor zaitezke, baina festaren barne funtzionamendua jakitea interesatuko zaizu

Ahantzi zure bizkar-zorroa

Bada zure gauzetarako segurtasuna eta lasaitasuna bermatzen dituen Kontsigna Publikoa. Bizkar-zorroa uzteak festaz gehiago gozatzeko aukera emanen dizu ezen tabernak eta parranda tokiak mukuru egoten dira
Sanferminetan bi izaten dira fardelak, hatuak eta bizkar-zorroak uzteko kontsignak. Garrantzitsu eta merkeena Iruñeko Udalak San Frantzisko ikastetxean, festaren erdian, antolatzen duena da. Uztailaren 4tik 16ra bitartean beti egoten da zabalik. Han gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez egiten dute eta arropaz aldatzeko tokiak eta turismo informazioa hartzeko bulegoa dituzte. Zure bizkar-zorroa uztean, festako ekitaldi nagusien orduen berri izan dezakezu zure hizkuntzan.

san-fermin-12_19640047175_o

© Javier Martínez de la Puente 

Fardeleko eta 24 orduko 4,5 euro inguru ordaindu behar da. Arropa hartzeko bizkar-zorroa mugitu eta berriro uztea nahi baduzu, beste 4,5 euro kobratuko dizkizute. Bizkar-zorroa uzteko, pasaportearen fotokopia egin, ordainagiria eta fitxa bat eman eta kobratuko dizute lehen egunean. Bizkar-zorroa hartzeko, pasaportea eta fitxa beharko dituzu eta zure nortasuna egiaztatuko dute bizkar-zorroan atxikita izanen duten fotokopiaz. Sistemarik seguru eta ohikoena da eta, festaren erdian egoteaz gain, autobus geltokitik oinez bost minutura, entzierroaren ibilbidetik bitara eta tren geltokira eramaten zaituen 9 zenbakiko (RENFE) autobus publikoak duen geltoki batetik oso hurbil dago (Navas de Tolosa kalea, 3 Reyes hoteleko kafetegiaren parean).

Iruñeko autobus geltokian, bestalde, armairu automatikoen bloke pare bat dago; armairu horiek txanponez funtzionatzen dute eta konponbide ona izan daitezke hirira iritsi edo hiritik joan garraiobide horren bidez egiten baduzu.

Zuriz janztea

Festaren ezaugarri bat jende guztia nahi duen bezala baina zuriz jantzirik joatea da. Hori, eragozpena baino, festan murgildu eta beste edonork bezala parte hartzeko aukera ematen dizuten sekretuetako bat da. Festan are hobeki pasatzeko jakin behar da jende guztia zuriz jantzirik joatea ohikoa dela. Lehen aholkua, hortaz, sanferminetako arropa janztea da, galtza luzeak, galtza motzak edo nahi duzuna -zuriak-, kamiseta zuria eta, behintzat, zapi gorria. Ia denda guztiek saltzen dituzte jantzi horiek eta, gainera, saltzaile ibiltariak izaten dira.

Horretaz gain, garrantzitsua da oinetako onak eramatea, sandaliak baztertuta, lurrean kristalak egotea edo, toki gehienetan jende anitz izaten delako, norbaitek zapaltzea ohikoa delako.
san-fermin-12_19640047175_o

© Javier Martínez de la Puente 


Ziurtatu zure bidaia etorri aurretik

Festa bizi izateko eramaten uzteko gomendatzen dizugun bezala, kontrakoa gomendatzen dizugu Iruñera iritsi eta sanferminetako egunetan bertan egoteko. Iruñerainoko bidaia osoa eta lo egiteko tokia ziurtatu behar dituzu. Ohikoa da uztailaren 6an eta asteburuan trenak eta autobusak ia beterik joatea eta hoteletako plazarik arrazoizkoenak blokeaturik egotea.

Trenbideen konpainian (RENFE) Internet bidez erreserba dezakezu bi hilabete lehenagotik eta lineako autobus konpainia batzuetan ere. Autobus geltokia hiri erdialdean dago eta tren geltokia hiri autobusak lotzen du erdialdearekin, baina, egia esan, ez da oso urrun.

Lo egiteko, hotelak, kanpinak eta pisu partikularrak dituzu aukeran. Arauturiko establezimenduetako zerbitzuak gomendatzen dizkizugu guk, zerbitzua eta kalitatea bermatzen dizkizutelako, toki eskaera handi-handia dela-eta partikularrengana jotzea ohikoa bada ere. Hotel gela bat Findor.com-etik erreserba dezakezu, eguneko 24 orduetan zerbitzatuko zaituzte zure hizkuntzan; entzierroa ikusteko balkoia barnean duten pakete turistikoak aurki ditzakezu Sanfermin Booking-en edo partikularrentzat dugun iragarki taula kontsulta dezakezu. Kanpinak kanpoaldean edo hurbileko herrietan daude, baina beren garraiobideak izaten dituzte (galdetu), baita ingurune erabat naturala -Iruñea mendiz inguraturik dago- eta ezin sinetsizko festak ere.

Pentsa ezazu zure autoak non lo egin behar duen ere. Iruñean karrikan aparkatzeagatik ordaindu behar da eta kontuan izan beharko duzu. Ordaintzen ez baduzu edo aparkamendu denbora gainditzen baduzu, garabiak eramanen du zure autoa eta ibilgailua berreskuratzeko zenbatekoa eta egokituko zaizun isuna (120 euro gutxienez) ordaindu beharko dituzu.

 


Non jan

Aguantatu eta festa une guztietara iristeko gakoa etengabe jatea da. Oinarrizkoa da gosaria, hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta afaria egiteko hemengo ohitura hartzea eta poltsikoa ez husteko aukerarik neurrizkoenak bilatzea. Astelehenetik larunbatera ohiko supermerkatuek irekitzen dute eta igandean eta uztailaren 7an itxita egoten dira Iruñean jaiegunak direlako, baina Alde Zaharrean elikadura establezimendu txikiek edozein ordutan irekitzen dute.

Ohiko jatetxeak asko dira, eta ibiltariak -Antoniutti eta barrakak- eta platerean edo pintxoak jateko tabernak ez dira gutxi. Sanferminetan prezioak igo egiten dira urtearen gainerako sasoiekin alderaturik eta, hortaz, hobe da kontsumitu baino lehen prezioa galdetzea.

Sanferminetan oso zabaldurik dago festaren erritmo zorrotzari eusteko askotan jateko hemengo ohitura. Ohikoena fundamentuzko bi otordu (bazkaria eta afaria edo hamaiketakoa eta askaria) egin eta, horiez gain, karrikan pintxoak edo ogitartekoak hartzea da.
las-peas-no-van-al-ruedo-pero-se-lo-montan-tan-bien-como-siemprec-sergio-san-martin_4785594315_o

© Javier Martínez de la Puente 


Non garbitu

Iruñeak sanferminetan dutxatzeko edo arropa garbitzeko instalazio publiko eta pribatu batzuk izaten ditu. Sanferminetan parrandan ibili eta gero ohikoa eta beharrezkoa izaten da nork bere burua eta arropa garbitzea. Horretarako, Bainuetxe eta Latsagi Publikoa dago, dutxak eta garbitokia.Hilarion Eslava karrikako 9. zenbakian dago, Kontsignatik hurbil, festaren erdian. Zerbitzu publikoa izatearen alde ona da toallak eta xaboiak alokatzen dizkizutela eta zuk ez duzula ezer eraman behar.

Ohitura da festara itzuli baino lehen bainatzera, eguzkitan egotera eta atseden hartzera igerileku publikoetara joatea.Aranzadiko igerilekuetan, Alde Zaharretik hurbil, igerileku estalia, aire libreko batzuk eta beharrezko instalazio guztiak, hala nola gimnasioa, aldagelak, belardi zabalak, jatetxea eta wirelessa, daude.

piscinas de verano de aranzadi

Piscinas de Aranzadi. 


Lo non egin daitekeen

Hiriak biztanleria bikoizten du sanferminetan eta hotel eskaintza asteburuan bete egiten ohi da. Ez dago debekaturik lo lorategietan egitea, baina gauez hotza egiten du (14-22 ºC) eta batzuetan euria egiten du. Batzuk izaten dira sanferminetan lo egiteko aukerak. Garestienetik merkeenera ordena honetan daude: hotelak, ostatuak, pentsioak, kanpinak, alokairuko pisuak, logelak eta lorik ez egitea nahiz atari zabalean lo egitea lorategiren batean. Hoberena aldez aurretik erreserbatzea da tokia bermaturik izateko. Hotelak, pentsioak, ostatuak eta kanpinak seguruak dira eta Internet bidez egin daiteke erreserba.

Sanferminetan pisuak edo gelak partikularrei alokatzea ere ohikoa da. Sanfermin.com-en iragarki taulan eskaintzen dutenak eta bilatzen dutenak topatzen ohi dira. Sanfermin/Bokking zure interesekoak izan daitezkeen multzo konbinatuak eskaintzen ditu, oso malguak, bidaiari mota bakoitzari egokituak.

Lorik egiten ez baduzu, edo belarrean atseden pixka bat hartu nahi baduzu, ez dago ez lorategietan ez kanpin ez den beste edozein tokitan kanpin dendak jartzerik. Hala ere, atari zabalean edo lo zaku batean har daiteke atsedena berdeguneetan. Iruñea oparoa da lorategiz, baina kontuan hartu behar da gauez hotza egiten duela (14-22 gradu zentigrado), batzuetan euria egiten duela eta lorategiak goizero garbitu eta ureztatzen dituztela eta beharbada loa galaraziko dizutela.
san-fermin-2015-11_18993412533_o

© Javier Martínez de la Puente 


Objektu galduak

Udaltzaingoaren etxean Objektu galduen Bulegoa dago kaletik eramaten den guztia biltzeko. Festan gozatu eta erabat sartzen denean, batzuetan bat ez da konturatzen bidean zenbait gauza utziz joaten dela. Zerbait aurkitzen baduzu, agintaritzaren agente bati edo babes zibileko kolaboratzaileei -txaleko laranjadunei- ematea da ohitura. Haiek Objektu galduen Bulegora eramanen dute.

Bulego hori festetan buru-belarri aritzen da lanean, baina gero bere jarduna luzatzen du erreklamazioei erantzun eta zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Iruñeko Udaletexearen web horriaren bidez ere egin dezakezu zure bilakera.

backpackerlost.g

Oficina de objetos perdidos de Sanfermin. ©Sanfermin.com 


Portaera arauak

Iruñea sanferminetan legerik gabeko hiria omen da, hala uste du askok. Begiratu hutsean, egia, hala ematen du, baina sakonduz gero, ez da hala, eta komeni zaizu jakinean egotea: nahiz eta askori bestela iruditu, sanferminetan ere mugatik pasatzen bazara beste edonon bezalako fina eginen duzu: kristorenak hartuta edo komisarian. Bordela hainbestekoa ez dela frogatzeko, ikusi besterik ez dago gurasoek beren haurrak lasai asko ateratzen dituztela jendarte parrandero horretara. Eramaten dituzte, esate baterako, peñen karrikadantza ikustera “nola dibertitzen diren”, edo dianetara, ikustera gau-pasa egindakoak. Haurrek ikusten dutena, egia esateko, ez da oso eredugarria, baina bertako mozkorra, berez, aski lasaia izaten da: ez dago ia ia borrokarik, ezta bortxa edo bortxaketarik, orohar.

Zer den zilegi eta zer den debeku bereizten duen marra ez da beti nahi bezain garbi egoten, eta diferentziak izaten dira non eta noiz den: sen amini bat erabili behar da eta zuhur jokatu: dudan, hobe duzu moderatzea bertako kodeak apur bat ikasi arte.