Argazkiak: © Maite H. Mateo
Mister Testis ganadutegiko hiru zezen eta ehunka ume izan dira Kukuxumusuk Estafeta kalean antolatu duen entzierroaren protagonistak.
Arratsaldeko sei eta erdietan, hiru zezen urdinak KukuxumusuKosmos dendako kortatik irten dira, umeek bozkarioz hartu dituzte, helduak imitatzeko irrikan. Zezenek zintzo jokatu dute, ez da zauriturik egon, eta antolatzaileek prestatutako osasun-zerbitzuak ez du inor hartu behar izan.
Entzierroak goizeko zortzietakoaren osagai guztiak izan ditu. Hiru aldiz kantatu dute zaindariaren babesa eskatzeko kantua eta, ondoren, suziria jaurti da entzierroaren hasiera iragartzeko. Gonzalo Domínguez de Bidaurreta, Kukuxumusuren bazkide sortzailea, Juanjo Martínez Gilabert, hainbat hilabetez haurren entzierroa berreskuratzeko lan egin duen iruindarra, eta Adrián Leceta umea izan dira serpentinazko suziriei su emateaz arduratu direnak.
Ondoren, zezenak umeen atzetik irten dira unaiekin batera, ekitaldirako diseinatutako arropekin jantzita.
Entzierroa Estafeta kale osoan egin da eta 76 zenbakia dagoen tokian bukatu da, Kukuxumusuren dendaren aurrean, alegia. Bertan, umeek eta helduek argazkiak atera dituzte zezenekin.