Sanfermin.com

Gutxiago geratzen da ...

camisetas

Eskailera

Sanfermin, egun bat hilean behin

Sanferminak propio uztailaren 6tik 14ra bitarte ospatzen badira ere, urtean zehar festa honekin harremana duten zenbait ospakizun antolatzen dira, batipat festak hasi baino aste bat edo bi lehenago: peñen eguna, esaterako. Gu, oraingoan, urteko hasierako hilabeteetan eta modu jarraian peñetako zenbait kidek, orain dela hainbat urtetik hona, urteoro errepikatzen duten errito berri eta kurioso bati buruz arituko gara.

Sanferminetan hagitz ezaguna den kantu batek erraten duenari jarraikiz, ("Uno de enero, dos de febrero, tres de marzo, cuatro de abril, cinco de mayo, seis de junio, siete de julio San Fermín. A Pamplona hemos de ir con una media, con una media, a Pamplona hemos de ir con una media y un calcetín") Sanferminak iristeko falta diren egunak ezinegonaz, are gehiago, irrikaz kontatzen eta ospatzen dituzte peñetako kideek. Aitzaki bat besterik ez da elkarrekin bildu eta sanferminak gogora ekarriz, parranda polita egin eta geroz eta gutxiago falta dela aldarrikatzeko.

Urtarrilaren 1ean, urtea hastearekin batera, "Eskailera" deituriko ohitura honen lehenengo urratsa ematen da. Ondoren, jarraian (eskailera baten moduan, hortik datorkio izena ohitura honi), kantak aipatzen dituen datak Sanferminetako oroitgarri eta festarako aitzaki bihurtzen dira peñako kideentzat: geroz eta gutxiago falta baita Sanferminetarako. Euren egoitzetan bildu eta sekulako afariak egiten dituzte, bai eta txuri eta gorriz jantzi ere haietako zenbaitzuk.

Datak, urteko lehenengo hilabeteetan eta salteatuta izaten direnez, zaila izaten da ohitura honek jarratzaile ugari izatea. Alde zaharretik poteatzen zabiltzala, koadrila bat txuri eta gorriz edota sanferminetako kantak abesten entzuten dituzunean, bakarrik orduan ohartzen zara gutxiago falta dela.

Alde Zaharreko taberna batzuek dena den, peñen asmo honekin bat egin eta sanfermin doinu tipikoak jartzen dituzte. Zenbait orduz bada ere, sanferminetako giroaren hatsa sentitu eta festekin amesteko aukera izaten da.

sanfermin 2012
     Instagram Pinterest