Ernest Hemingway Oak Park-en jaio zen 1899an eta Ketchum-en hil zen 1961eko uztailaren bian, San Fermin festetako Zezen Feriarako txartelak gau mahai gainean zituela. Hemingway 1923an lehen aldiz eta 1959an azken aldiz etorri zen sanferminetara. Hil baino egun batzuk lehenago hark berak deitu zuen La Perla hotelera urte hartarako erreserba deuseztatzeko. 1953an Pulitzer saria irabazi zuen eta 1954an Nobel saria lortu eta bost obra eta eskuz idatziriko 3.000 orrialde utzi zituen argitaratu gabe.
Bokazioz eta lanbidez kazetaritza aukeratu zuen eta jendaurreko bere lehen hitzak Kansas City Star-en irakurri zituzten. Gazte hark bere adina faltsutu zuen etxetik ihes egiteko eta, Lehen Mundu Gerran anbulantzia gidari boluntario izan nahian, Armadan izena emateko. Zauriturik suertatu zen eta bere herrira itzuli zen. Iruñea 1923an bisitatu zuen lehenbizikoz, gero 1924, 1925, 1926, 1927, 1929, 1931, 1953, 1956 eta 1959an.
Hemingwayz eta Iruñearekin zuen harremanaz hitz egiteko orduan, Jerónimo Echagüeren hitzak gogoratu behar dira: "Ez da Iruñea Hemingwayk berari egin dion ongia onartu eta aitortzeko gai izanen den eguna iritsiko. Hona atzerritarrak ez dira gu kolonizatzera etortzen, beste zenbait tokitan gertatzen den bezala, baizik eta gure festetan integratzera, hori urtero ikusten dugu, beti salbuespenak egonen diren arren".