Uztailaren 6ko eguerdi-eguerdian, Udalaren Plazan, kaosa hasten da txupinazoarekin: suziri jai iragarlea. Hamabiak baino lehentxeago, alkate eta zinegotziak udalaren balkoira ateratzen dira. Behean, plazan, milaka lagun hainbat orduz zain egon dira momentua noiz iritsiko; jendetzaren grina eta irrika gora doaz hamabiak urreratzen diren heinean. Ehunka botila txanpan zabaltzen dira eta erdi bana partitzen tripa barrenen eta jendearen arroparen artean. Bero zergela. Xardina batentzako tokirik ez. Suziria bota behar duen zinegotzia balkoi hegira hurbiltzen delarik, beheko jendaila orroaka hasten da aho batez: kantu, oihu, txistu, hitz zakar, eta bai zinkurin ere, zanpatutako norbaiten ahotik. Harrabotsaren handiagatik ozta-ozta aditzen da oihu errituala:
Pamploneses, viva San Fermín, Iruindarrak, gora San Fermin!
Eta orduan badirudi hiri osoa zoratu egin dela, eta dena erabat iraultzen da istanpatean: mundu guztiak bide ematen dio bere buruari eta mozkorraldi kolektibo bat hasten da inon gutxitan ikus daitekeen bezalakoa. Uztailaren 6tik 14ra bitarte irauten duena.
Ohitura da txupinazoak eztanda egin arte zapia eskumuturrean edo poltsikoan gordeta eramatea. Suziriaren hotsa aditu bezain laster, lepoan edo nahi duzun tokian jarri behar da festa hasi delaren seinale. Izan ere, ordu gutxiren buruan paisaia dantesko xamar jarri da eta alkoholaren eta halabeharrezko topoen labirintoan galtzen gara. Hasiera zoragarria da!
Argazkiek kontrakoa erakusten badute ere, udal plazaren tamaina oso txikia da eta txupinazorako biltzen den jendetza ikaragarria da: hori dela eta tentsio eta presio uneak bizitzen dira han eta hemen. Normalean ez da jendea artatu behar, baina batek baino gehiagok lurrean gelditzen diren kristalezko botilekin ebakiak egiten dituzte. Estuasun une hauek emozioa handitzen dute, nahiz eta bertoko ohiturak ez ezagutu edo ezagutzeko asmorik ez izan. Grina eta tentsioa hain handiak direnez, adrelinak ere gora egiten du eta beroa ahal den moduan pasatzeko edozein motako edariak hartzen dira.