Manfred Walloschke Urteko Giriaren irabazlea

Manfred Walloschke alemaniarrak “Urteko Giria” IV. saria jaso zuen atzo Munichen, Kukuxumusuk atzerriko pertsonaiaren baten sanferminzaletasuna aintzat hartzeko emandako saria. Mikel Urmenetak eta Koldo Aiestaranek, etxearen sortzaileetako bik, eman zioten saria, eta ekitaldian sanferminetara urtero joaten den alemaniar ordezkaritza handia egon zen.

Sanferminak hasi direla iragartzen duen Txupinazoa botatzeko bi aste eskas falta direla, Mikel Urmenetak eta Koldo Aiestaranek, Kukuxumusuren sortzaileek, eman zioten, Manfred Walloschke alemaniarrari 2007ko “Urteko Giria” saria – adarrak dituen mundu mapa bat-. Lau urte daramatza Kukuxumusuk saria ematen.

Ekitaldia Municheko garagardotegi famatu batean egin zen eta Sanfermin jaiak eta Bavariar kultura eta ohiturak uztartu zituen

Izan ere, Alemaniako eskualde horretako jantziekin agertu ziren bertaratutako hainbat lagun. Walloschkeri omenaldia egin ostean, bertan bildutako lagun guztiek, baita saritutakoaren lagun eta senitartekoek, bat egin zuten afari batean.

2007_manfred2

Mikel Urmenetak, Manfred Walloschkek sanferminekin eta Kukuxumusurekin dituen lotura bereziak azpimarratu zituen eta “orai duela 28 urte datorrela eta bere nahikeriarekin eta bere lagunen etortzearekin bestelako besta mundiala lortzen dugu” gehitu zuen. -horiexek izan baitira saria jasotzeko arrazoi nagusienak. Walloschkek, bere aldetik, hunkituta eskertu zuen saria eta adierazi zuen: “lehen “guiri” izateak nazkagarria zirudien bainan azkeneko urte hauetan Kukuxumusuk egin duen lanarekin “guiri” izateak arrotzen gaitu

Manfred Walloschke, sanferminetara 1979tik urtero joaten dena, “Urteko Giria” saria jaso duen laugarren pertsona da. Estreinako urtean, 2004an, Carmen Margarita Alicea puertorricoarrak jaso zuen, 2005ean, Lore Monning iparamerikarrak, eta 2006ean, Lars Ingvar Jungefors suediarrak. Sariaren helburua da, Mikel Urmenetaren esanetan, atzerritarrei sanferminetan duten partehartzea eskertzea; izan ere, haiei esker, festak aberatsagoak eta interesgarriagoak baitira, unibertsalagoak.