Imagen de Lucinda Poole frente a la obra completa de Hemingway en un posado.

Kukuxumusuk Lucinda Poole kazetari estatubatuarra aukeratu du 2017ko sanferminetano Urteko Giria

 

Lucinda Poole kazetari estatubatuarrari emanen diote 2017ko sanferminetako Urteko Giri XIV. sariaren aitorpena, urtero Kukuxumusuk eta Sanfermin.com-ek ematen duten golardoa, festekiko pasioagatik nabarmendu den atzerritar bati hain zuzen, eta bere hamalaugarren edizioan kazetari eta itzultzaile polifazetiko horri egokituko zaio iazko Tim Pinks ingelesaren ondoren.

Lucinda Poole 60 urtekoa da, jaiotzez Chapel Hillkoa (Ipar Carolina), eta hiru hamarraldi luze darama Iruñearekin loturik. Izan ere, “Don’t Be a Foreigner in Sanfermines” (1982) (Ez zaitez atzerritarra izan sanferminetan), gida egin zuen -zeinen 10.000 kopia saldu baitzen- eta eskuarki Nafarroako Nazioarteko Prentsa Bulegoarekin kolaboratzen du, non kazetari atzerritarrei festetako lanean laguntza ematen baitie. Sanferminetako Giri berriak argi du festa horiek munduan paregabe izateko arrazoia: “Poztasun hutsa da. Mundu osotik Iruñera iristen den gizaki komunitate bat, bere bizitzako unerik hoberenak igarotzeko prest”.

Carolinako Unibertsitatetik Iruñera

Sanferminen 30 edizio bizkarrean daramatza eta festaren gaineko hamaika artikulu argitaratuta, bere jardunbidea Ipar Carolinako Unibertsitatean eta Salamancakoan hasita du; azken horretan literatura espainiarra bi urtez ikasi zuen. Bere herrialdera itzulita, Kazetaritzan eta Nazioarteko Harremanetan graduatu zen eta autoestimu baxuko pertsonak motibatzeko prestakuntza hartuz osatu zituen ikasketak. Denboraldi batean itzultzaile judizial ere aritu zen. Bill Lyerly musikariarekin ezkonduta, haren bizitza Iruñera etorri zen lehenbiziko aldian hasi zen aldatzen.

“Ni ‘Lo que el viento se llevó’ (Haizeak eraman zuena) filmeko giroa bezalako batean, non emakumeak kalean inoiz dantzatzen ez baitira, hazi nintzen. Sanferminetara lehen bisita ikasle nintzela egin nuen eta, espartinen lokarria lotzen bukatu ahal izan baino lehen, lagun berri batzuek Karlos III.era eraman ninduten eta han jende guztia dantzan zebilen karrikan, kanta niretzat ezezagunak abesten eta ardoz eta Coca-Colaz eginiko nahasketa arraro bat edaten, zeinek festan, festan eta festa gehiagoan bakarrik pentsarazten baitzizun. Inoiz ezaguturik ez nuen askatasuna bizi izan nuen eta, hala ere, babesturik sentitu nintzen eta liluratu egin ninduen”, gogoratzen du.

Prentsa Bulegoko kolaboratzailea

Kazetari gisa egin duen lanbide jardunbidea betidanik egon da sanferminekin oso loturik. Zenbait hedabiderekin kolaboratu du, Diario de Navarrarekin eta Tiempo aldizkariarekin besteak beste, eta orain NPBtik kazetari atzerritarrak aholkatzen saiatzen da. “Festaren alde positiboa nabarmentzen dugu, neska batek txupinazoan kamiseta eranztea eta holako alderdiak sanferminetako gauza bakarra ez direla azpimarratuz. Zoritxarrez, anitz dira argazki hori nahiago duten hedabideak eta haien hartzaileek gure festaren beste ezer ez dute ikusten. Prentsaren askatasuna errespetatuz, gustatuko litzaiguke mota horretako erreportajeak egiteko gogoa kentzea”.

Entzierroari dagokionez, eta inoiz parte hartu ez badu ere, argi du babestu egin behar dela: “Bihotza gelditzen zait zezenak lasterka hasten direnean. Horren da ederra, baina, aldi berean, horren arriskugarria… Lasterkari anitzek kirola dela pentsatzen du edo ez du ideiarik egin behar denaz. Ezin dut jasan norbaitek zezenari adarretik heltzen edo eskua bizkarrean jartzen dionean. Guztiok elkarrekin lan egiten badugu, festa horrek Lurreko ikuskizunik hoberena izaten jarraituko du. Baina Iruñeko altxorrik handiena bezala gorde behar dugu”.

Aurreko edizioetan sariturikoak

Lucinda Poole sanferminetako Giri saria jasoko duen bosgarren emakumea izanen da, Carmen Alicea puertorricarraren, Lore Monnig eta Catherine Donnell halaber amerikarren eta Anna Nelubova errusiarraren ondoren. San Fermin festetan jasoko du saria ekitaldi batean, zeinetan oroitzapen eta esperientziak konpartituko baititu aurreko urteetan sariturikoekin.

2004 – Carmen Alicea (Puerto Rico/Australia)

2005 – Lore Monnig (AEB)

2006 – Lars Ingvar Jungefors (Suedia)

2007 – Manfred Walloschke (Alemania)

2008 – Massaoud Sbai el Idrissi (Maroko)

2009 – Frank Taylor (Erresuma Batua)

2010 – Chiyoshi Sugawara (Japonia)

2011 – John Patrick Hemingway (AEB)

2012 – Catherine Donell (AEB)

2013 – Jean Louis Douenne (Frantzia)

2014 – Anna Nelubova (Errusia)

2015 – Jean-Pierre Gonnord (Frantzia)

2016 – Tim Pinks (Ingalaterra)

2017 – Lucinda Poole (AEB)