Uztailaren 7an, goizeko
10etatik arratsaldeko 2etara, hortxe ikusiko
duzu parte zaharrean gora eta behera San Ferminen
prozesioa, oso usantxa errotua eta historia
zaharreko ospakizuna; agian XII. mendetik
heldu zaiguna.
Goizeko 10etan alkate-zinegotziak,
gala janzkeran eta klarin-joleak, tinbalariak,
maza-eramaleak, eskolta, txistulariak, erraldoien
konpartsa Pamplonesa musika banda lagun dituztela,
katedral aldera joaten dira kabildoaren bila
(kabildoa da katedraleko
eliz-karguen batzarrea). Elkartu, bada,
eta denak atzera joaten dira etorritako
bidetik santuaren irudia hartzera San
Ferminen kaperan (San Lorentzoko elizan).
Behin segizioa horrela osatu delarik,
protokoloak agindu bezalako hurrenkera
hartu, eta prozesioa hasten da Iruñeko
etxagune historikoan barrena bere bidea
egiten. Ordu t´erdiren buruan bueltan
ekartzen dute irudia kaperara. Hortik,
udalak berriz laguntzen dio kabildoari
katedraleraino, eta han noizpait ere despedida
eman elkarri eta bukatzen da ospakizuna.
Prozesioak baditu zenbait une berezi,
"momenticos" (unetxoak) esaten
zaienak, eta haiexek dira akto honetako
parterik interesgarriena: bidean santua
omendu beharrez egiten diren pausa batzuk
dira, askotan otoitzak kantatuz. Momenticorik
momenticoena katedralaren atalondoan
egiten dena da.
NOLA IKUSI
Argazkilariak
izugarri prozesio zaleak izaten dira;
egia erran, ez da harritzekoa hainbeste
kolore, hainbeste jantzi, kasulla, peluka,
tinbal eta mazorekin.
Gainera ekitaldi
honetan, sanferminetan beste askotan
ez bezala, franko toki izaten da, ez
dago gehiegizko esturarik: bidea luzea
da eta problemarik gabe ikus daiteke,
askoz lehenagotik tokia hartu behar
izan gabe. Ez du merezi balkoi bat bilatzeak;
karrikatik ikusten delako hobekien.