Documento sin título
Documento sin título
Santua
Entzierroa
Kasu!
Lo egin, jan eta edan
Txupinazoa
Riau-riau
Peñak
Zezenak
Gaua
Musika
Tradizio berriak
Erraldoiak
Prozesioa
Pobre de mí
Ikuskizunak
Iruñea
Gastronomia
Portaera arauak
Nola jantzi
Historia
Nola etorri
Galeria
Ohiko galderak
Mapa
Jakingai praktikoak
Aurkibidea
Denda
www.sanfermin.com
 

IRUÑEA, BI MILA URTE HISTORIAN ZEHAR
Sanfermines, 204 horas de fiesta gidatik hartua


Iruñeak berez duen kokapen pribilegiatuari esker, Arga ibaiaren muino baten gainean eta inguruko arroa menperatuz, antzinatik bihurtu zen gizakien bizileku. Historialariek uste dute hasierako gunea agian zeltek erabili zutela gelditzeko gune gisa, eta ez dago zalantzarik Kristo aurreko 75 eta 74. urteetako neguan Pompeyo jeneral erromatarraren kanpamendu izan zela. Horregatik, jatorrizko herrixka baskoia oinarri izan bide zuen “Pompaelo”ren fundatzailetzat hartzen da berau.

Galia, Kantauri eta Ebrorako bideen arteko elkargune garrantzitsua izanik, Pompaelo hazi egiten da benetako udal erromatar bihurtzeraino, foro, terma eta guzti, izan ere XI. mendean lortu zuen maila goienekoa. Gero Katedrala eraikiko zen ingurua hartzen zuen hiriak, eta zeukan garrantzia inguru horretan egindako indusketa arkeologikoei esker ikusi ahal izan da. 275. urtera aldera izan zituen lehen erasoaldi germaniarrak, eta 409. urtean suebo, bandalo eta alanoenak. Hurrengo mendeetan bisigodoek menperatzen zuten Iruñea, -apezpiku-egoitza gisa azaltzen da VI. mendearen amaieratik aurrera- eta VIII. mendetik aurrera botere musulmanak menperatuko du, eta azken honek, zergak ordaintzearen truke, hiriko nobleziari erlijio kristaua mantentzea eta nolabaiteko askatasuna ahalbidetu zizkion.

778. urtean Zaragozarako ibilaldia egin ondoren, Carlomagnok Pamplonako harresiak hautsi zituen, Chanson de Roland inspiratu zuen Orreagako porrot latza jasan baino lehen. Hiru urte geroago Abd al-Rahman I.ak hiria hartu zuen berriro.

Musulmanen aurka penintsulako iparraldean burutu erasoekin batera, X. mendearen hasieran benetako erresuma pirenaiko-mendebaldekoa sendotuz joan zen. Erresuma horren nagusitza hiriko klan esanguratsuenek zuten, hasieran Pamplona deitzen zen eta Nafarroa izena hartu zuen XII. mendearen erdialdean.

ERDI AROKO BURGUAK

Abd al-Rahman III.ak 924. urtean Pamplona suntsitu zuen, orduan herrixka nekazaria zena, Iruñea eta, geroago, Navarreria izenak hartu zituena. Apezpikuaren menpean zegoen 1319. urtean koroari transferitu zioten arte. Sancho Ramirezek (1076) hasi zuen Iruñeko erregeen politika birpopulatzaileak, Santiagoko Bidearen garrantziak indarturik, jatorrizko hiriaren ondoan hirigune berriak sorrarazi zituen. Lehena San Zernin burgua izan zen, gehienbat frankoak ziren hango biztanle merkatari eta artisauei. Alfontso I. Borrokalariak Jakako forua luzatu zien 1129an. Hesiz inguraturik indarra hartzen ari zen “burguari” XII. mendearen erdialdean San Nikolas populazioa erantsi zitzaion, pribilegio berbera jasota, 1189an Nabarreriak ere hartuko zuena. Hiriaren sarea beste gune txikiago batzuekin osatzen zen: San Migel burgu txikia eta aljama judua, Nabarreriaren ondoan, eta nekazarien "Pobla Nova del Mercat', San Zernin burguko merkatuaren lurraldean zegoena.

Burguen artean ziren jatorri, interes eta eginkizun desberdinek liskar ugari sorrarazi zuten hiru burgu nagusien artean, batzuetan pasarte odoltsuak ere, Nabarreriaren suntsipena (1276), esaterako. Karlos III. Prestuak eman zien amaiera gatazka horiei Batasunaren Pribilegioaren bidez (1423ko irailaren 8an), “hiria”, “burgua” eta “populazioa” udal bakar batean betiko elkartzea aldarrikatuz eta guztiendako alkate, justizia eta epaile komunak emanez.

Une horretatik aurrera “oso prestu” izaera hartu zuen hiriak, eta ikur finkoa bereganatu zuen: zelai urdinean lehoia atzaparka duen armarria, erregeek Katedralean zin egindako sinboloa den koroa gainean.

HIRIAREN HEDAPENA

Nafarroa Gaztelako koroan sartu zen bere erakunde eta foruak (Burgosko Gorteak, 1515) zituen erresuma gisa. Ziudadelaren eraikuntzak, 1571n hasita, eta kanpoko harresiak XVII eta XVIII. mendeetan sendotzeak Iruñeak betidanik zuen Pirinioetako mugako gotorleku izaera baieztatzen dute.

XVIII. mendean eraiki ziren Nafarroako hiriburuko karrikak edertzen zituzten hainbat jauregi, udaletxea (1752), alegia, eta Katedralaren fatxada neoklasikoa (1783). Mende horretan berean modernizatu zuten hiria estolda sareak (1772), uren hodi sistemak (1790), kaleetako argiteriak (1799) eta honelako zerbitzuek.

Hiriak ezin izan zituen saihestu XIX. mendean gertatu ziren gatazka armatuak. Horrela, bada, 1808an (elurrarekin jolasten ari ziren artean) tropa frantsesek ustekabean Ziudadela bereganatu zuten eta Iruñean 1813. urtera arte iraun zuten. Gero tropa errealisten setioa gertatu zen Iruñeko goarnizio liberalaren aurka (1823), eta geroago gudu karlistak (1833, 1872), eta hiria monarkia isabeldarrarekin batuko zen Nafarroa nekazariaren aurka, hots, Karlos erregegaiaren aurka, alegia.

HARRESIEN ERAISPENA

Elizaren ondasunen desamortizazioaren (1836) ondorioz, zenbait komentu erlijioso eraitsi ziren, esaterako, Karmelitarrena. Haren tokian eraiki ziren Diputazioaren Jauregia (1843) eta Antzoki Nagusia (1841), gaur Carlos III. etorbidean kokatua dagoena; Santo Domingoko komentua Ospital Militar bihurtu zen, eta San Frantziskokoa, eskola.

Joan den mendera arte Iruñea gorantz hazi zen gehienbat, Erdi Aroko bilbea mantenduz. Baina hazkunde demografikoak harresien zati bat eraustera behartu zuen. Lehen Zabalgunea (1888), eta Bigarrena (1915etik aurrera) eraikitzeko xedez. Hiriaren garapenak aurrera egingo du, Hirugarren Zabalgunearekin batera, inguruko auzoek osatzen duten biribila, Landaben industriagune eredugarria eta inguruko beste industriagune batzuk sortuko baitira. Iruindarren bizi kalitateak berdintsu egiten du aurrera. Horren adierazgarri dira, besteak beste, ospitale-azpiegitura entzutetsua eta bi unibertsitate izatea, Nafarroako Unibertsitatea (1960), Opus Deik sortua, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Foru Legez 1987an sortua.

© Larrión y Pimoulier Editores.