Jatetxe guztietan denetarik aurkituko duzu, baina
bereziki sanferminetako jaki berezi eta ezaugarri
batzuk, festetan propio edo maizago jaten direnak.
Sanferminetan egun guztian egoten zara bazkan, eta
oso gauza onak jaten dituzu, gainera, onak eta gotorrak.
Festa hauek ez dira barazkijaleentzat ez janeurri
orekatuen zaleentzat. Proteina ta kolesterola dabiltza
gailen.
6.00 Hurrenez hurren joateko, seguraski
egunsentian hasiko zara, xalda bero bat hartuz. Oilo
salda, omen, baina nork daki benetan zerezkoa den;
taberna guztietan ematen dute ordu guztietan eta bereziki
egunsenti aldera, garrafoiak hondatutako estamuak
kontsolatzeko. Momentu hauetaz kanpo segur aski ez
genioke esker handirik emanen, baina hemen eta orain,
salda beroa zoragarria da eta bizitza salbatzen dizu:
hari esker gaindituko duzu goizeko ordu txiki hauetan
zelatan egoten den beheraldia.
7.00 Hurrena sanferminetako gosari
derrigorrezkoa heldu da: txokolate eta txurroak. Berotan
jan behar dira txurroak, hoztuz gero txarrak dira
eta. Polita da, ahal baduzu, txurroak nola frijitzen
diren ikustea, soka bakar bat deposito batetik atera,
oliotan kiribildu eta gero moztuz. Suertean ibiltzen
bazara agian aukera izango duzu Mañuetako txurro
dendan ikusteko, sanferminetako gosaltiar askoren
topalekua. Gainerako urtean, udazkeneko zenbait igande
salbu, itxita egoten da eta propio sanferminetarako
irekitzen dute, ez ohitura galtzeko.Esker ona egin
behar zaie.
11.00 Gosal ondoan, oraindik zutik
bazaude, askarien denbora heldu da: beti funtsezko
jakiak eta bertakoak: zingarra tomatearekin, arrautza
frijituak, baratxuri salda, eta dagoeneko hasten dira
agertzen bazkarian ere izaten diren jaki delizioso
asko, batez ere ajoarrieroa: makailu lehortuarekin
egindako plater bat, zoragarria, baina ongi egiteko
zaila: ajoarrieroaren kalitateak ez du askotan zerikusirik
izaten lokalaren kategoria eta prezioarekin, baizik
eta sukaldariaren eskuarekin. Suertean ibili beharra
dago. Eta maiz dastatu.
13.00 Goizetan ohitura handia dago
tabernaz-taberna joan eta pintxoak jateko: ganba errebozatuak,
piper beteak (haragizkoak, oso onak, Roch tabernan,
Pozoblanco kalean), urdaiazpiko eta gasnazkoak, kroketak,
odolkiak, txistorra, giltzurrinak eta gibel zatiak,
txipiroiak (Estafetako Evaristo tabernan oso onak).
Beste pila bat badago. Aurki itzazu.
14.30 Sanferminetako jaki famatuena,
jakina, zezenkia da, saltsan: zezenkia, tipula, erramu
hostoa, ardo txuria eta patatak. Haragiak ontzen du
gisatua: haragi ona da, osansutsua (zezenak larrean
hazitzen dira) gogorra (horregatik ez da hain erreza
ongi egitea), beltza eta gotorra. Ehizaren zaporea
du. Sanferminetan nonnahi emanen dizute zezena jatera
baina besterik esaten badute ere, zezen hori ez da
Iruñeko plazakoa: hil ondoren aunitz egun behar
ditu egonean zurruntasuna galdu eta jangarri izateko.
Sanferminetan jaten den zezena lehenagoko beste feria
batzuetakoa izaten da. Gozoa da hala ere.
Ez joan txilindroi arkumea dastatu gabe: saltsan,
patata eta piper lehorrekin, gusto berezia emateko.
18.30 Zezenak. Harrigarri bada ere, zezen-plaza
ere leku egokia da nafar gastronomiako perlak dastatzeko.
Hirugarren zezena eta gero, hasten da jendea eltzeak,
lapikoak eta ateratzen... eta hasten dira atsalaskariak.
Normalean, bokatek saltsako zerbait eramaten dute,
lehor-lehorrak ez gelditzeko: ajoarrieroa, urdaiazpikoa
tomatearekin, zezena saltsan, etab. Zen bait kuadrillek
gastronomia-kalitate ezin sinetsia lortzen dute.
23.00 Afaltzeko ordua. Jatekoak,
bazkarian bezalatsu. Hori platerean afaltzen dutenentzat.
Beste batzuk otartekoak jaten dute parte zaharreko
tabernetan.
Bueno, ez dizugu master bat eman nahi Nafarroako sukaldaritzaren
gainean, baina beste gauza asko dauzkazu probatu beharrak:
mondejoa (odolki moduko zerbait, baina odolik gabe
eta azafraiaz egina) zezen barrabilak, koskabiloak
(uhaza kukulluak), barazki nahaskiak, gaztanbera (potekoa
ez, ez baita hain ona izaten), ardi gasna klase asko,
Nafarroako ardo ona (gauez tabernetan ematen dizutena
ez da ona izaten, ez nafarra eta maiz ez da ardoa)
eta abar. Zerrenda ahitzeko sanfermin bat baino gehiago
beharko dituzu. On dagizula.
|